Alejandro Sanez PPko zinegotziak asteartean ohiko Udalbatzarrean gardentasun eta eraberritze instituzionala helburu duten 56 mozio aurkeztuko dituela jakitera eman du gaur eguerdian egin duen agerraldian.
Lasarte-Oriako Udalak lehengo astean gardentasun auditorian lortu den emaitza jakinarazi zuen eta Udaleko web orrialdeak ez du azterketa gainditu, 80 punturik 13. Ez hori bakarrik Saenzek azaldu duenez, auditorian ateratako emaitza Estatuko baxuenetariko da, "gure azpitik bakarrik 14 herri daude".
Hori dela eta, Auditoriako eta EUDELEk 2013. urtean argitaratutako txostenetan oinarrituta, Udaleko web orrialdeko eta komunikabideen gardentasun eta eraberritzea bilatzen duten mozio "logikoak" prestatu ditu, hala nola, Udalbatzarrak grabatzea eta honen artxibo bat eramatea, parte-hartze araudia eta kode etikoa egitea edo Udalaren kontuak, alkate eta zinegotzien errenta-aitorpena eta hauen agendak argitaratzea.
"Udalaren komunikabideetan gardentasuna bilatu behar da, baita eraberritzea ere. Egun bide berriak daude herritarrekin harremana izateko eta horiek erabili beharko lituzke Udalak. Honetaz gain, herritarrei zuzendutako eztabaida-lekua ere egon beharko litzateke haien iritziak eta proposamenak jasotzeko," aipatu du.
Era berean, Udalbatzarrean beste alderdiei mozio guztiak blokean bozkatzeko proposamena luzatuko diela ere adierazi du Alejandro Saenzek.