Plazaolako bide berdea, eztabaidarako gai

Txintxarri 2018ko aza. 16a, 10:54
Udaleko ohiko batzarrean hiru gaik osatu dute gai zerrenda: Plazaolako bide gorria, Atsobakar zaharren egoitzaren handitzea, eta emakumeen aurkako indarkeriaren eguna. Halere, galdera eta erreguen tartean ere hizketarako gai bat baino gehiago atera dituzte mahai gainera

Azaroko ohiko udalbatzarrean bildu dira udal ordezkariak, astearte arratsaldean. 18:30ean hasi da hitzordua, eta gai zerrendako lehenengo puntuari heldu diote segituan. Atsobakarreko egoitzak zabaldu du saioa; eraikina handitzeko proposamena jarri dute mahai gainean, eta azalpenak eman aurretik, bozkatu egin dute gaia. Aldeko 11 bozka (PSE-EEko zazpi, EAJko bi eta ADLOP Ahal Du Lasarte-Oria Puedeko bi) jaso ditu. EH Bilduk kontrako bozka eman du, baina  ez egoitzaren handitzearen aurka dagoelako; finantziazioaren bidetik etorri da desadostasuna. Argi azaldu du Pablo Barrio alderdiko bozeramaileak herritarren eskariari erantzuteko "beharra" dagoela. Egoitza zabaltzearekin  bat datorren arren, salatu du publikoa beharko lukeen proiektu bat "pribatizatzea" ekarriko duela: "Lizitazioa irabazten duen enpresari hobari batzuk emango zaizkio, eta horren aurka gaude. Horren ondorioz agertu gara mozioaren aurka". 

Plazaola bidegorriaren loturak

Irailaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak  Plazaolako bide berdea Donostiarekin lotzeko lanak amaitutzat eman zituen. Baina EH Bilduk salatu du lan horietan Lasarte-Oriako zatia proiektutik kanpo utzi duela. PSE-EEk mozio transakzional bat proposatu dio EH Bilduri, Plazaolako bidegorri sarearen alde egiteko, baina ez dira erabateko akordiora iritsi;  alderdi bakoitzak berea jarri du mahai gainean. 

Barriok azaldu du bi proposamenak "funtsean antzekoak" direla, baina uste du sozialistenari "konpromisoa falta" zaiola. Beraz, EH Bilduk ez du bat egin PSEko Agustin Valdiviak aurkeztutakoarekin: "Desio moduan geratu daitezke  hitzak, eta guk epeak behar ditugu".

Edonola ere, EH Bildurena baztertu egin dute bozketan. ADLOPen babesa jaso du, baina aurkako bozka gehiago (PSE-EE eta EAJ) izan dira. Horrek PSE-EEren proposamena onartzea ekarri du. ADLOPeko zinegotzi David Aresek eskaera bat egin die sozialistei; urte amaierarako bidegorriaren lanak egiteko eska diezaiotela Garmendiari. Valdiviak onartu egin du, eta aldeko hamabi bozkekin aurrera atera dute.  

Bestalde, EH Bilduk hirugarren mozio batean eskatu du emakumeen kontrako indarkeria ezabatzea, eta horretarako ezinbestekoak diren zenbait neurri aurkeztu dizie gainerako alderdiei. EH Bildurena bertan behera geratu da, eta aho batez Eudelek proposatutako adierazpena onartu dute.  

Galdera eta erreguen tarteak ere hizketarako gai bat baino gehiago bildu ditu, herritarrek ere kezkak azaldu baitituzte.