Plaza bete emozio eta oroitzapen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 4a, 18:45

Okendo plaza txiki geratu da. Duela astebete pasatxo zendu zen Imanol Jimenez herritarra, 40 urte zituela. Ahaide eta lagunek omenaldi xume baina hunkigarria eskaini diote

"Ez zaitu osorik eraman heriok". Mezu horrekin agurtu dute ahaide eta lagunek Imanol Jimenez herritarra. Duela astebete pasatxo zendu zen, 40 urte zituela. Atzo arratsaldean txiki geratu zen Okendo plaza, Jimenez zenaren omenez egindako ekitaldi xume baina guztiz hunkigarrian.

Tolosarra jaiotzez, Lasarte-Oriako herrigintzan sartuta zegoen buru-belarri: Zabaleta Auzolan elkarteko lehendakari izandakoa, Oaintxe in deu! txarangako sortzaile eta kideetako bat... Herriari hainbeste eman eta gero, atzo jaso zuen bueltan maitasun horren dosi bat: plaza bete emozio, anekdota, tristura malko eta oroitzapen.

Txalapartariek, bertsolariek, Porrotx eta Xumela abesbatzako kideek, Oaintxe in deu! txarangak, Imanol Jimenezen ahaide eta lagun gertukoenek, Zabaleta Auzolan elkarteko kideek eta auzotarrek... Denek ekarri zituzten gogora Jimenezekin bizitako momentu on eta goxoak. Musika, dantza, txalaparta doinuak, bertsoak...ez ziren atzoko omenaldian falta izan. Emozioak ere ez.