Planetan zehar bidaian urperatzeko gonbita

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 9a, 11:00

Astelehenean hasiko da Nazioarteko Itsaspeko Zinema Lasarte-Orian. Hilaren 12an, 19an eta 26an itsasoari lotutako film laburrak eta dokumentalak emango dituzte. Emanaldiak 19:00etan izango dira, Manuel Lekuona kultur etxean, doan

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak bere lekua egin du Lasarte-Orian. Orain zazpi urte hasi ziren lehen aldiz zinemaldiko filmak eta dokumentalak herrian ematen, eta ordutik urtetik urtera ireki dute urazpiko beste munduak ezagutzeko erakusleihoa. Aurten 41. aldiz egingo dute Donostiako Itsaspeko Zikloa; nazioartean erreferentea bilakatu da, eta punta puntako ikus-entzunezkoak iristen zaizkie. Horietako batzuez gozatzeko aukera izango da datozen asteetan. Otsaileko astelehenetan, hilaren 12an, 19an eta 26an emango dituzte, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean. 

Itsaspeko Real Sociedad elkarteak antolatzen du ekimena. "70 film eta dokumental baino gehiago jaso ditugu aurten, denak kalitate handikoak", esan du David Sanchez lasarteoriatarrak, jaialdiko zuzendariak. Herrialde askotatik bidaltzen dizkiete filmak. "Erreferente bat gara. Askok filmak aurkezteko erabiltzen dute gure zikloa". 

Sanchezek bidaia baten moduan deskribatu du zinemaldia. "Maldivak, Indonesia, Sudan, Filipinak, Egipto, Kantauri itsasoa... Leku horietara lekualdatuko gaituzte ikus-entzunezkoek". Filma ikusi aurretik jakinaraziko dute bakoitzak lortu dituen sariak, horrela ikus-entzuleek lan nabarmenen berri izan dezaten. Programa ofizialean ere azaltzen da datu hori. www.cimasub.com webgunean dago zikloari buruzko informazio guztia.

Film laburrak 

Lasarte-Orian zortzi film labur, hiru dokumental labur, eta beste hiru luze emango dituzte. "Film laburrak oso indartsuak dira, biziak, irudi ikusgarriekin", esan du Sanchezek. Costa Rica  lana nabarmendu du, aurtengo zikloko irabazlea. Sleeping volcano Island ere aipatu du. "Tenerifera eramango gaitu, eta zonalde hori erakutsiko digu". Ispilu likidoa dokumentalarekin itxiko dute zikloa. "Rafa Herrero erreferentzia bat da munduan, eta bere lana ikusgarria da. Grabatzeko oso zailak diren eszenak ditu".  

Udaleko kultura sailak eta Danok Kide gurasoen elkartearen laguntza du zinemaldiak. Hain zuzen, haiei esker eskaintzen dituzte proiekzioak doan. Danok Kideko Juan Mari Egizabalen arabera, beste herrietan baino arrakasta handiagoa du Lasarte-Orian zikloak. "300 pertsona baino gehiago biltzen dira. Gure erronka da aurten 400 baino gehiago izatea". 

Egitaraua

Otsailak 12
19:00 Isiltasuna. Jose Carlos Rando Lara
19:05 The night its mysteries. Pedro Sarmiento Vazquez
19:15 SynDoc: Signatidoen mundu ezezaguna. Pablo J. Garrido
20:00 Itsas magalean. Maite Erauskin Extramiana
20:10 Sleeping volcano Island. Carlos Virgili Ribe

Otsailak 19
19:00 Maldivetako bihotzetan. Jose Luis Huertas Nadal
19:05 Costa Rica. Edwar Herreño
19:10 Khelone The Punishment of Hermes. Vicente Leal Juan
19:20 Eduard Admetlla, arrainen laguna. Gorka Leclercq

Otsailak 26
19:00 Cimasub 2017ko argazki lehiaketako irabazleak
19:05 Marea Gorriak. Manuel Enrique Garcia Blanco
19:30 Cabo de Palos: balkoi bat Mediterraneora. Ricar Morer
19:35 K-Komodo and beyond. Julie Ouimet
19:40 Ispilu likidoa. Rafa Herrero Massieu