Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak bere lekua egin du Lasarte-Orian. Orain zazpi urte hasi ziren lehen aldiz zinemaldiko filmak eta dokumentalak herrian ematen, eta ordutik urtetik urtera ireki dute urazpiko beste munduak ezagutzeko erakusleihoa. Aurten 41. aldiz egingo dute Donostiako Itsaspeko Zikloa; nazioartean erreferentea bilakatu da, eta punta puntako ikus-entzunezkoak iristen zaizkie. Horietako batzuez gozatzeko aukera izango da datozen asteetan. Otsaileko astelehenetan, hilaren 12an, 19an eta 26an emango dituzte, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.
Itsaspeko Real Sociedad elkarteak antolatzen du ekimena. "70 film eta dokumental baino gehiago jaso ditugu aurten, denak kalitate handikoak", esan du David Sanchez lasarteoriatarrak, jaialdiko zuzendariak. Herrialde askotatik bidaltzen dizkiete filmak. "Erreferente bat gara. Askok filmak aurkezteko erabiltzen dute gure zikloa".
Sanchezek bidaia baten moduan deskribatu du zinemaldia. "Maldivak, Indonesia, Sudan, Filipinak, Egipto, Kantauri itsasoa... Leku horietara lekualdatuko gaituzte ikus-entzunezkoek". Filma ikusi aurretik jakinaraziko dute bakoitzak lortu dituen sariak, horrela ikus-entzuleek lan nabarmenen berri izan dezaten. Programa ofizialean ere azaltzen da datu hori. www.cimasub.com webgunean dago zikloari buruzko informazio guztia.
Film laburrak
Lasarte-Orian zortzi film labur, hiru dokumental labur, eta beste hiru luze emango dituzte. "Film laburrak oso indartsuak dira, biziak, irudi ikusgarriekin", esan du Sanchezek. Costa Rica lana nabarmendu du, aurtengo zikloko irabazlea. Sleeping volcano Island ere aipatu du. "Tenerifera eramango gaitu, eta zonalde hori erakutsiko digu". Ispilu likidoa dokumentalarekin itxiko dute zikloa. "Rafa Herrero erreferentzia bat da munduan, eta bere lana ikusgarria da. Grabatzeko oso zailak diren eszenak ditu".
Udaleko kultura sailak eta Danok Kide gurasoen elkartearen laguntza du zinemaldiak. Hain zuzen, haiei esker eskaintzen dituzte proiekzioak doan. Danok Kideko Juan Mari Egizabalen arabera, beste herrietan baino arrakasta handiagoa du Lasarte-Orian zikloak. "300 pertsona baino gehiago biltzen dira. Gure erronka da aurten 400 baino gehiago izatea".
Egitaraua
Otsailak 12
• 19:00 Isiltasuna. Jose Carlos Rando Lara
• 19:05 The night its mysteries. Pedro Sarmiento Vazquez
• 19:15 SynDoc: Signatidoen mundu ezezaguna. Pablo J. Garrido
• 20:00 Itsas magalean. Maite Erauskin Extramiana
• 20:10 Sleeping volcano Island. Carlos Virgili Ribe
Otsailak 19
• 19:00 Maldivetako bihotzetan. Jose Luis Huertas Nadal
• 19:05 Costa Rica. Edwar Herreño
• 19:10 Khelone The Punishment of Hermes. Vicente Leal Juan
• 19:20 Eduard Admetlla, arrainen laguna. Gorka Leclercq
Otsailak 26
• 19:00 Cimasub 2017ko argazki lehiaketako irabazleak
• 19:05 Marea Gorriak. Manuel Enrique Garcia Blanco
• 19:30 Cabo de Palos: balkoi bat Mediterraneora. Ricar Morer
• 19:35 K-Komodo and beyond. Julie Ouimet
• 19:40 Ispilu likidoa. Rafa Herrero Massieu