Pentsioak: gizarte eredua aukeratu beharra

Adrian Garcia 2018ko abe. 21a, 10:30

Duintasuna elkarteko Maria Serranok eta EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak Mercero aretoa bete dute, pentsioen inguruko hitzaldian. Batez ere emakumeen egoera salatu dute. "Ez da erabaki ekonomikoa, politikoa baizik"

Pentsiodunen mobilizazio handiak aurten piztu dira, baina  aldarrikapenak ez dira berriak; 2012. urtean sortu zuten Gipuzkoan Duintasuna elkartea, bizitza osoa lanean aritu ondoren erretiratuen gutxieneko bizi baldintzak eskatzeko. Euskal Herriko protesta uholdearen parte dira ere Lasarte-Oriako jubilatuak; astelehenero elkartzen dira Okendo plazan protesta egiteko. Azken manifestazio jendetsua joan den larunbatean egin zuten, Donostian. Eta aste honetan bi gonbidatu berezi bildu dituzte gaiari buruz hitz egitera, Antonio Mercero aretoan: Maria Serrano Duintasuneko kidea eta Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea. Hain justu, hedabideetan bolo-bolo ibili dira pentsioak azken egunetan, aurrekontuak negoziatzeko ardatzetako bat izan baita. 

Gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eskatzen hasi zen Duintasuna elkartea orain lau urte. Kopuru hori ikurra bihurtu da egun, nahiz eta berez handiagoa beharko luke. "Bataz besteko soldataren %60 da. Baina guk ez dugu zifra hori atera. Europako Gutun Sozialak esaten du hori", esan du Serranok. 

Duintasunak Hego Euskal Herriko beste lurraldeetako elkarteekin elkarlan estua du, eta 2016. urtean 71.000 sinadura bildu zituzten, Eusko Legebiltzarrean herritarren ekimen legegilea aurkezteko. "Ez zuten eztabaidatu ere egin, soilik EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek babestu baitzuten", azaldu du Serranok. 

Aurten protestak herri askotan zabaldu badira ere, urteak daramatzate pentsiodun batzuk hilero Donostiako Askatasunaren Etorbidean elkarretaratzen. "Presio soziala da gauzak lortzeko bide bakarra", uste du Serranok. Izan ere, hurrengo bi urteetan lortu dute pentsioak KPIaren arabera eguneratzea. Halere, ohartarazi du bide luzea dutela aurretik. 

Emakumeak eta pentsioak 

Batez ere emakume pentsionisten egoera da kezkagarria, ordainsari baxuenak jasotzen baitituzte. Izan ere, soldatarik gabeko lanak egin dituzte askok, eta erretiroa hartzeko garaian babesgabe geratu dira. "Askok soilik alarguntasun pentsioa jasotzen dute. Haurrak zaindu dituzte bizitza osoan; pentsa zenbat diru aurreztu duen estatuak haurreskoletan". Datuek egoeraren krudeltasuna erakusten dute: EAEn 16.000 pentsiodunek jo behar dute Diru Sarrerak Bermatzeko Errentara. Horietatik 11.000 dira emakumeak. 

Aurrekontuetan tirabirak 

Kortajarena legebiltzarkideak pentsioek aurrekontuetan izan duten eragina azaldu du. "Ez da gai ekonomiko soila. Zer gizarte mota nahi dugu, hori da funtsa. Gizonek pentsio horiek kobratu ahal izateko emakumeak izan dituzte zaintzen".

EH Bilduren ustetan, irtenbide bakarra dago: pentsioen sistema propioa eraikitzea. "Gizarte desberdina da gurea, beste behar batzuk ditugu. Gure eskumena da". Kortajarenak azaldu du malgutasunez jokatu dutela aurrekontuen negoziazioetan, eta abstentzioa emateko prest zeudela. "Baina baldintzak ez dira bete: inoiz baino diru gehiago zegoenean, ezinbestekoa zen murrizketa politikekin bukatzea eta horiek iraultzea".