Hamabi urte eta gero, etxean berriro

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 1a, 19:50

Lasarte-Oriara bueltatu da Pello Eskisabel, hamabi urtez Uzercheko espetxean (Frantzia) preso egon eta gero. 15:00ak aldera askatu dute Junqueran (Girona), eta ia gauerdian iritsi herrira. Lagun eta ahaideek harrera beroa egin diote

Larunbat gaua hotza izan da oso. Senide eta lagunek Pello Eskisabel herritarrari egin dioten harrera, ordea, ezin beroagoa. Kale Nagusian egon dira zain, San Pedro eliza aldetik pertsona talde bat etortzen ikusi duten arte. Erdian zegoen Pello, ezker besoa behin eta berriro altxatuz zerura, txapela jantzita, gertuko zenbait senide alboan zituela.

Errepidean pilatu dira herritarrak, ezker-eskuin, erdiko pasilloa libre utziz. Hasi da Pello bertatik pasatzen, baina nekez eman ditu lauzpabost urrats segidan, norbait agurtu eta hura besarkatu gabe. Minutu batzuk beranduago, Ilargi tabernara sartu, eta topa egin du senide eta lagunekin, xanpain botila irekiz. Hori eta gero, Xirimiri elkartera joan da, eta bertako paretean zintzilik zegoen argazkia kendu. 

Sortu Lasarte-Oriak iragarri duenez, abenduaren 16an, larunbatarekin, herri-besarkada antolatu du, Pello Eskisabeli harrera egiteko. 13:00ean jarri dute hitzordua, Sollaenean. Ondoren, bazkaltzera joango dira. Tiketak salgai jarri dituzte, "betiko tokietan".

2005etik preso

Frantziako Poliziak 2005ean atxilotu zuen Pello Eskisabel, ETAko kide izatea egotzita, Caussaden (Toulouse, Frantzia). 17 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 12 bete ditu, Uzercheko espetxean (Frantzia).