Patxi Etxeberria: "Bertsolariak dauden artean, euskarak bizirik jarraituko du"

Adrian Garcia 2017ko eka. 28a, 17:00
San Pedro gaueko bertso saioan eskerrak emango dizkiote Etxeberriari, 40 urtean saio horretan parte hartzeagatik. Mende erdiz baino gehiago ibili da plazaz plaza

Kostata, baina baietz esan du Patxi Etxeberriak. San Pedro gauean, hilaren 29an, omenalditxo bat-edo egingo diote Manuel Lekuona kulturetxean antolatu duten bertso saioan. “Ezetz esan nien, baina hiru edo lau aldiz tematu ziren, eta ikusiko nuela esan nien”. Konbentzitu dute, azkenean. “Esan zidaten 300 bat lagun elkartzen zirela urtero niregatik, eta horiek mereziko zutela agur bat egitea”. 

Ibilbide luzeko bertsolaria da Etxeberria; Lasarte-Orian ez ezik, Euskal Herriko txoko askotan da ezaguna. Ez alferrik, 50 urte baino gehiago eman ditu plazaz plaza. “Urte batzuetan ehun plaza baino gehiago egingo nituen”. Belaunaldi askotako bertsolariekin konpartitu du oholtza, Uztapideren garaitik orain gutxi arte jardun baitu bertsotan jendaurrean. Eta, horregatik, beste inork gutxik bezala bertatik bertara ezagutu du bertsolaritzaren bilakaera.  

Baina pertsona umila da Etxeberria. Hori da sanpedroetako eskertza gogogaiztoz onartzearen arrazoia. “Niri omenaldi asko egin dizkidate dagoeneko. Bada nik baino gehiago merezi duenik. Nik egin beharko nieke omenaldia, nitaz horrenbeste akordatzeagatik”.

Azken bertso saioa izango du Etxeberriak sanpedroetakoa. Berez, aurten utzi ditu plazak, 87 urte betetzeko dituenean. “Urte askoan joan naiz Urnietara, urtero-urtero 30 urtez. Baita Zerainera ere. Aurten ere deitu didate, eta ezetz esan diet”. Pena apur bat nabari zaio Etxeberriari eskaintza ukatu behar izateagatik. “Ez dakit, agian lehentxoago hartu behar nuen erabakia. Baina bastante ondo aurkitzen nintzen, eta bertsoen asunto hori hainbeste gustatu egiten; ezin utzi”. 1959an parte hartu zuen lehen jendaurreko saioan, eta ordutik nekaezin aritu da bertsotan han eta hemen. “Oso maitea izan dut bertsolaritza. Horrenbeste urtez ibili diren beste batzuen antzera, grina hori odolean dut sartua”.

Punta-puntako bertsolariak gonbidatu dituzte San Pedro gaueko saiora: Unai Muñoa, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio. “Bertsolari onak izateagatik ez da beti saio ona ateratzen", ohartarazi du, halere, Etxeberriak. "Badira jaialdiak batere asetzen ez zaituztenak, eguna ez dutelako, gaiarengatik edo ez dakit zergatik. Arriskutsua da bertsolariarena”.

Bertsolaritza ibilbideko ezusterik politena, beharbada, bertso eskolek eman diote. Izan ere, gorroto-amodiozko harremana izan du Etxeberriak haiekin. "Bertso eskolengan sinetsi ez duen pertsona bat izan naiz. Orain, berriz, Lasartekoan nerone ibili eta gero, oso konbentzituta nago". Bertsolaritza ikasi ezin zitekeela uste baitzuen Etxeberriak. "Nik uste nuen bertsolariak berezkoa izan behar zuela". Eta, hein handi batean, horrela pentsatzen du oraindik. "Bertsolaria jaio egiten da. Ikasita datorrenari, baina berezkoa ez duenari, segituan antzematen zaio". 

Berezkoa eta ikasia
Etxeberriaren arabera,  bertsolaritzan bi alor nagusi daude: berezkotasuna, eta hezkuntza. "Adibidez, Igor Elortza, Mailalen Lujanbio, Jon Sarasua... horiek berezko bertsolariak badira, baina ikasitakoak ere . Bi gauza dira. Berezkoa duenak, eta, gainera, ikasitakoa denak, pentsa zenbat motibo izango dituen ongi kantatzeko".  

Herrian ere horrelako bertsolari "osoak" badaude, Etxeberriaren esanetan. Ane Labaka bertsolaria jarri du adibidetzat: "13 bat urterekin hasi zen bertso eskolan. Lotsatuta edo beldurtuta hasieran. Baina berehala hasi zen kantatzen. Berezkoa du, eta asko ikasi eta landu du. Horregatik irabazi ditu horrenbeste txapela".

Behin bertso eskolak probatuta aldatu zuen iritzia. "Uste nuen eskolako bertsoak artifizialak zirela". Baina konbentzitu egin zen beharrezkoak zirela bertsolaritzak aurrera egiteko. "Neronek asko ikasi dut, ez nuen sekula pentsatuko bertso eskolak mesede egin behar zidanik. Ez nuen sinesten balioko gauza izango zenik. Baina hala da". 

Molde zaharreko beste bertsolariei gertatu antzera, zaila egin zitzaion hasieran bertsolarien arteko txanda eta hausnartzeko isilunea errespetatzea. "Gu ez gara sekula horrela aritu. Batek bota, eta besteak segituan erantzuten zuen, metraileta bat bezala. Horrela ohituta geunden gu". Eta behin baino gehiagotan eskatu behar izan du barkamena txandak ez errespetatzeagatik. "Neri iruditzen zitzaidan batek isildu orduko besteak erantzun egin behar ziola. Badakizu, zaila da pertsona zaharrei gauza berriak txertatzea". 

Bertsotan ikasteko adinik onena da haurtzaroa, Etxeberriaren aburuz. "Edade horretan ez da lotsik izaten. Hizkuntzak ikasteko, adibidez, edozer gauza ikasten dute. Gaizki esanda ere, aurrera egiten dute". Komeriak 18 urtetik aurrera etortzen dira. "Lotsa eta ardura batu egiten dira. Ondo egin nahi horrek estutu egiten zaitu". 

Gazteengandik ikasi
Alor horretan, bertso eskolan oso baliagarria izan dute Etxeberriaren eskarmentua, gazteei animoak emateaz arduratu baita. "Beno, ez dakit zenbaterainoko lagunduko nien, baina kalterik ez nien egingo", dio umiltasunez. 

Nabari da harreman estua sortu dela eskolako kideen artean. "Asko maite ditut nik, eta uste dut asko maite nautela ni ere". Izan ere, afaririk ez dute egiten Etxeberria abisatu gabe. "Estimatzen nautela dirudi. Zerbait  emango nien, bai, akaso". 

Orain, abantailak besterik ez dizkio ikusten bertso eskolari. Plazak maiz izaten ez ziren garaian, neguan adibidez, “herdoila” kentzeko baliogarria zitzaion. “Gutxialdi horietan aberastu egiten ginen batak besteari entzuten bertso eskolan. Burua lanean jartzen genuen, geratu gabe. Eskolan haiekin zaudelako, eta, etxean, besteek esan dutenari buruz pentsatzen zeudelako”. Orain, zalantzarik ez du: "Edozeini esango nioke: joan zaitez bertso eskolara. Joan, ikasi egingo duzu eta". 

Baina irakatsi ez ezik, asko jaso du Etxeberriak eskoletako saio horietan. Irakaspen prozesu hori alde bikoa baita. "Gazteei ere ikasi egiten zaizkie. Gauza onak erantsi egiten dira beti. Nik asko ikasi dut gazteengandik. Orain ez dut inon demostratuko, baina asko ikasi dut bertso eskolarekin".

Jaiotzez oriotarra izan arren, Erratzabal baserrikoa, Lasarte-Orian eman du ia bizi osoa. Eta nabaritu du herria euskalduntzen lagundu duela bertsolaritzak.  “Orain, ikastolari esker, gazte asko euskaraz ari dira egiten. Hori da etorkizuna”. 

Pozik dago Etxeberria, ikusten duelako bertsolari gazte mordoa badagoela herrian. "Zaharrak isiltzen garenerako egon behar dute berriak". Alde horretatik, lasai dago, "etorkizun oparoa" ikusten duelako. "Gure garaia joan da, baina etorkizuna ona da. Bertsolariak dauden artean, euskarak bizirik jarraituko du".

Etxeberria bertsotan hasi zen garaia oso bestelakoa zen gaurkoarekin alderatuta. Bertsolaria bera gaizki ikusia zegoen. "Bertsotarako lekua taberna zen, eta zurruterotzat zituzten. Orain, gurasoek babes osoa ematen diete gaztetxoei".

Beste giro bat
Askotan oroitzen du Etxeberriak bertsotan hasi zeneko giroa. Lagunartean hasi zen, “builaka”. Batak besteari erronka bota, eta apostua egiten zuten. “Bertsoa botatzen ez zuenak erronda pagatu behar zuen. Asko ginen, eta dirua ez genuen sobera izaten”. Ezin aldera daiteke egungo giroarekin. “Orain tabernetan ezin da bertsotan egin. Zarata gehiegi dago". 

Belaunaldi askotarikoekin  kantatu du Etxeberriak: Uztapide, Lasarte, Lazkao Txiki eta beste asko izan ditu plazakide. Baita egungo punta-puntako bertsolariak ere: azken mende erdiko bertsolaritzaren lekuko zuzena izan da. “Lehengoak ere oso onak ziren. Denak onak, eta batzuk oso onak, gailurrean zeudenak”. Orain ere maila oso altua dela dio. Desberdintasun nagusia da hausnartze tarte hori. “Horrek, igual, bat-batekotasuna kendu dio”. 

Bertsolaritza aldatu arren, Etxeberriak bere bertsokerari eutsi dio, bera jaiotako bertsolaria baita. “Ni horrela jaio naiz, horrela segi dut, eta beste taktikarik ez daukat. Zaharra naiz, eta betikoari eusten diot".