Jesus Zaballosek agerraldian azpimarratu legez, “azken urteetan bi araudi garrantzitsu landu eta onartu dira, bata Udalaren Araudi Organikoa eta bestea, Parte-hartze araudia”
Oso pozik agertu da alkatea gehiengoak onarturako araudia delako. Udalbatzarrean PSE-EE, EAJk eta Podemosek alde bozkatu zuten eta PP eta EHBildu abstenitu ziren. Gainera, Podemos alderdiak aurkeztutako emendakinek araudia osatu eta aberasten dutela aipatu du eta alderdi honek negoziaketarako izan duen jarrera eskertu du.
“Araudia egin ostean, konturatu gara gauza asko martxan ditugula. Horregatik, ez dugu ulertzen hainbat alderdik parte hartze prozesuak aurrera ez eramateagatik erasotzea. EHBildu alkatetzan zegoenean ez zen horrelako araudirik onartu, lau urte izan zituzten. Guk bi urtetan egin dugu,” aipatu du alkateak.
Acevedoren hitzetan, “hau tresna bat da. Denbora beharko da guztia martxan jarri eta herritarrek barneratu dezaten. Guk parte hartze prozesuak martxan jarri ahal ditzakegu, baina jendeak ere erantzun behar du”.
Araudia
Parte-hartze araudian Lasarte-Oriako Udalak dituen parte-hartze tresna eta bide guztiak arautzen ditu. Esate baterako, sortuko den Herritarren informazio zerbitzua. “Honek izapide guztietarako lehiatila bakarra egotea ekarriko du,” aipatu du alkateak.
Hau martxan jartzeko, alkatearen azalpenen legez, bi barne promozio egingo dira bata zerbitzua kudeatzeko eta bestea udalaren web guneko atala kudeatzeko.
Ekimen eta galdeketak
Era berean, herritarrek eta elkarteek dituzten eskubideak eta hauen prozedurak zehazten dira, baita udalak erantzuna emateko bete behar dituen datak ere. Informazio eskubidea, iradokizun eta kexak egitea, alkatearen audientziak, herritarrek aurkeztutako ekimenak edo galdeketak egiteko eskaera dira hauetako batzuk. Adibide modura, herritarrek eskatuz gero, aurrekontuen eta proiektuen egoeraren jarraipena egin ahalko dute.
Herritarren ekimen eta galdeketen kasuan, eskaera egin nahi duten pertsonek hautesle-erroldaren %10aren, hau da, 1.500 bat pertsonen sinadurak aurkeztu beharko dituzte. Udalbatzarrera eramango da gaia eta onartuz gero, aurrera eraman beharko ditu udalak. . Galdeketei dagokionez, alkateak azaldu modura, “udalaren eskumeneko gaietan egin ahalko dira, baina ez dira lotesleak izango. Onartuz gero, galdeketak bere araudi propioa izango du. Araudi hau eta galdeketaren prozesua udalak landuko du”.
Udalak martxan dituen parte-hartze prozesuen agenda bat ere izango du. Honetan prozesuen nondik norakoak, metodologia, eremua, etab. azalduko da. Eta parte hartzea sustatzeko kanpainak egin beharko ditu.
Alkateak azpimarratu duenez, aurrekontuen parte-hartze prozesua ere arautu da. “Urtero egiteko konpromezua hartu da horrela. Ezin izan dugu asko zehaztu. Izan ere, legeak ez baitu ekonomiarekin zer ikusia duten gaietan esku hartzerik ahalbideratzen, zergak edo tasen kasua da hau”.
Berrikuntzak
Honez gain, batzorde edo tresna berriak sortuko direla jakitera eman du alkateak.
Udalerriaren egoeraren eztabaida egingo da urtean behin. Ez ohiko batzarrean, alkateak eta alderdi politikoek herriaren egoera orokorrari buruz hitz egingo dute. Herritarrek ere haien ekarpenak egiteko tartea izango dute honetan.
Auzoko erakundeen batzorde aholku emailea sortuko da. Lasarte-Oriako auzo elkarteko kideek parte-hartze araudia era egokian aurrera ematen dela ziurtatuko dute. “Helburua, udalak parte -hartze atalean aurrera eramaten dituen prozedura eta herritarrei emandako erantzunen kontrola egitea da,” aipatu du alkateak.
Azkenik, hiritarren bulego mugikorra egongo da. Urtean behin alkatea edo zinegotziak auzoetara joango dira herritarren iradokizunak jaso edo auzoari dagokion informazioa eskaintzera. Alkatetzak erabakita edo Udalbatzarraren gehiengoak onartuta egingo dira bisita hauek. Udalbatzarrak eskatuz gero, 30 egun izango ditu alkateak dagokion auzora joateko.
Alegazioak
Parte-hartze Araudia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Lasarte-Oriako Udalaren web gunean ere izango da herritarren esku. Izan ere, 30 egun egongo dira alegazioak egiteko. Helegiterik egon ezean, behin betikoz onartuko da. Egotekotan, hauek Parte Hartze batzordera eramango dira, gerora Udalbatzarrean lantzeko.