Foru Aldundiak autobus zerbitzuetako kontzesioa berritzeko aurreproiektua argitaratu zuenetik, bolo-bolo dabil jendartean gaia. Txosten horretan planteatzen diren zerbitzuen murrizketek kezka sortu dute, eta Lasarte-Oriako EH Bilduk mozioa aurkeztuko du datorren astearteko udalbatzarrean.
Pablo Barrio eta Kristina Bernal alderdikideek aurreproiektua bertan behera uzteko eskatu dute. "Aldizkari ofizialean argitaratu zenean izan genuen aurreproiektuaren berri, ez zuten eragileekin elkarlanik egin, eta, gure ustez, hori beharrezkoa da", azaldu du Barriok.
Horrekin batera, bigarren mozio bat ere aurkeztuko dute; horretan, Kataluniako Errepublika Independentea aitortzeko eskatuko diote udal taldeari.
Mantentze lanak
Jon Antxordoki EAJko zinegotziak, berriz, haur parke eta kirol guneen mantenua hobetzeko eskaera azaldu du asteazkenean egindako agerraldian.
"2011-2015 legealdian, alderdi sozialistak oposizioan behin eta berriz galdetzen zuen parkeen mantentze lanei buruz. Gaur, 2017ko azaroan, gero eta kexa gehiago jasotzen ari gara". Antxordokiren hitzetan, Uzturre plazan ezarriko diren kirol anitzeko pista eta 3. adinekoentzako kirola egiteko makinak kontuan izanik, "gutxienez, hogei haur parke zein kirol gune" dira udal brigadak mantendu behar dituenak Lasarte-Orian.
Udal brigadak duen lan kargaz jakitun, EAJk eskatuko du gune horien mapa egitea, eta 2018ko udal aurrekontuetan mantentze lanei aurre egiteko kanpo zerbitzua kontratatzeko diru partida aurreikustea.