Ostiral gaua, kontzertu gaua

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 7a, 13:05

Askorako eman du lehenengo festa gauak. Auzotarren 'Songa Dance' koreografia dibertigarria dantzatu dute Andatzan, eta zezensuzkoaren aurrean lasterka egin, gero. Jaizkibel plazan hainbat kontzertuz gozatu dute

Festen hasieraren adrenalina oraindik odolean zutela, aurreneko gauaz gozatu zuten Sasoetako auzotarrek atzo. Musika izan zen protagonista nagusia, baina ez bakarra. Sasoetan bizi ez diren herritar asko ere gerturatu ziren Andatza eta Jaizkibel plazetara.

'Songa Dance' izeneko koreografia bitxia dantzatu zuten auzotarrek Andatzan. Hori baino lehen, txikienek gorputza astindu zuten, Jaizkibelen antolatutako disko-jaian. Songa dantzatuz berotu eta gero, zezensuzkoaren aurrean egin zuten arineketan gaztetxoek. 

Bien bitartean, kontzertu-gune bihurtu zen Jaizkibel plaza. Skakeo talde gaztea izan zen oholtzaratzen aurrena. Hainbat talde klasikoren piezak jo zituzten, ikusleak dantzan jarriz: Kortatu, La Polla Records, Hertzainak, Kaotiko... Gustura zeuden taula gainean, eta nabaritu zen: Extremeña elkartekoak zain zituzten afaltzeko, 22:30ak aldera, baina 23:00ak baino pixka bat lehenago amaitu zuten. Ikusleek, nola ez, eskertu zuten. Usurbildik etorritako Odolaren Mintzoaren txanda iritsi zen gero. Oraintxe atera dute labetik euren azken estudioko lana: 'Etsipenaren aurka' (salgai dago herrian, Trumoi eta Ilargi tabernetan). Atzo ekin zioten aurkezpen birari. Kanta berrienak taularatu zituzten, baina baita aurreko diskoko hainbat ezagun ere: 'Askatasunerantz', 'Mirabe' edota 'Bakarrik ere', esate baterako. Kalean eta Los Ultimos Reyes taldeek itxi zuten emanaldi-sorta.