Ostiral arratsaldean, talo eta sagardo artean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 16a, 10:00
Gabonen aurrekari izan ohi da San Tomas, abenduaren 21ean; Okendo plazan 17:00etan irekiko ditu ateak azokak; hainbat postu egongo dira, taloak, txistorra, gaztainak eta sagardoa dastatzeko. Musikak eta giro onak ez du hutsik egingo

Askorentzat berezia izango da aurtengo abenduaren 21a. San Tomas eguna ospatuko dute Lasarte-Orian, Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta. Baina ostiral arratsaldea izanda, azkeneraino aprobetxatu ahalko dute askok festa eguna. Horretarako aukera izango dute Okendo plazan: 17:00etan zabalduko ditu ateak azokak, eta 20:30era bitarte izango da aukera txistorra, taloak eta gaztaina erreak jateko, konpainia ona eta sagardoaren laguntzarekin. 

Jakina da Euskal Jaien ostean baserritar jantzia gertu utzi behar dela, San Tomas azoka iristen denerako. Herri askotan ospatzen dute neguko solstizioa, San Tomas azoka moduan. Lasarte-Orian ere egingo dituzte prestakizunak neguko hotzei eta elurrei aurre egiteko. 

Okendora gerturatzen direnek izango dute zer jan eta edan. Talogileak arituko dira jo eta su, arto irina eta urarekin askaria prestatzen. Beste batzuk arduratuko dira txistorra frijitzeaz, talo artean prestatzeko. Danbolinak ere atseden gutxi hartuko du, gaztaina erreak eskaini ahal izateko. Sagardoa ere banatuko dute Ttakun Kultur Elkarteko kideek, jatekoari laguntzeko. 

Horrez gain, Alboka abesbatzak, Oriarte Institutuak eta Faktoriako gazteek postu bana jarriko dute. Haurrek ere izango dute zer egin: etxeko txikiek taloa egiten ikasiko dute. Noski, prestatu ostean bertan jateko aukera izango dute. 

Musikak ere ez du hutsik egingo. Ttirriki Ttarrakako trikitilariek plaza girotuko dute, erromeriarekin. Bertsolariek ere izango dute tartea, eta Xumela abesbatzak kantuak eskainiko ditu. Erketz dantza taldeak eta Kukukak jarriko ditu herritarrak dantzan. 

San Tomas eguna izan ohi da Gabonen aurrekari. Hurrengo astean egingo diote lehen harrera Olentzero, Mari Domingi eta Xixukori. Lasarte-Oriako ahate xelebreak bisita egingo du Landaberrin astelehenean. Asteartean, berriz, Sasoeta-Zumaburun izango da.