Osasun Jardunaldiak bigarrenez, Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 21a, 12:00
Aterpea merkatarien elkartearen eskutik bigarren Osasun Jardunaldiak egingo dituzte hilabete amaieran. Osasunaren inguruko zenbait aholku jasotzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Haur eta gurasoei zuzendutako psikomotrizitate saio bat ere izango da

Bigarren Osasun Jardunaldiak bilduko ditu hilabete amaieran Manuel Lekuonako hitzaldi aretoak. Lasarte-Oriako Aterpea merkatarien elkarteak antolatuta, hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Elkartearen hogeita bosgarren urteurren egitarauaren barruan antolatutako egitasmoa da.

Osasunarekin lotutako herriko zenbait establezimenduk hartuko dute parte jardunaldietan, bederatzik zehazki; Ana gizonezkoen ileapaindegiak, Aldaz hortz klinikak, Marbell ileapaindegiak, Haritza terapia energetikoak, Lasarte Multioptikasek, Oihana estetikak, Amaia Olondris podologia zentroak, Noelia Calero osteopatiak eta Salto Gela psikomotrizitateak. 

Horiek guztiek osasunarekin lotutako zenbait aholku eta datu emango dizkiete bertaratzen direnei. Besteak beste, zorriei nola aurre egin, hortzetako protesi kengarrien zainketa eta mantentzea nola egin, oinkadaren azterketa, edota helduaroko ikusmen arazoak nola konpondu ikasi ahal izango dute.

Horrekin batera, haurrei eta gurasoei zuzendutako psikomotrizitate jardunaldi bat ere eskainiko dute. Hau ez da kultur etxean izango, Kale Nagusiko berezko lokalean baizik.

Jardunaldi guztiak dohainik izango direla jakinarazi du Aterpeako presidente Ramon Ormazabalek; herritarrek ez dute sarrerarik ordaindu beharko horietan parte hartzeko.

Formatu berria

Bigarren jardunaldiak formatu berrian iritsi dira Lasarte-Oriara. Iragan urteko jardunaldiarekin alderatuz, aurten egitasmoak osasunari lotutako gai zehatzak landuko ditu. Horrela egitearen arrazoia "bezeroak erakartzea" izan dela azaldu du Ormazabalek.

Eskerrak

Aterpeako lehendakari Ormazabalek esker hitzak eskaini dizkie jardunaldietan parte hartzera animatu diren bederatzi establezimenduei. 

Parte hartzaileek ere eskerrak eman dituzte jardunaldiak antolatzeagatik, eta baita horietan parte hartzeko aukera emateagatik ere.

Hogeita bost urte lanean

Mende laurdeneko ibilbidea egin du Aterpeak Lasarte-Oriako merkataritzaren alde lanean, eta hori ospatzeko ekintza askoko egitarau zabala prestatu dute.

Egitaraua

Aterpea merkatarien elkarteak bigarren urtez antolatutako Osasunaren Jardunaldietan parte hartzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek.

Apirilak 23, astelehena

16:00-16:30 Ana gizonezkoen ileapaindegiaren eskutik, Nola akabatu zorriak.
16:30-17:00 Aldaz hortz klinikak protesi kengarrien zainketa eta mantentzea.
17:00-17:30 Marbell ileapaindegiaren eskutik, Nubea Oil Therapy. Buruko larruazalerako Nubea terapiak. Esentzia olioen sinergia. 
17:30-18:30 Haritza terapia energetikoak Osteopatiaren onurak jardunaldia eskainiko du. 
18:30-19:00 Multiopticas Lasarteren eskutik, Helduaroko ikusmen arazoak: Nola aurre hartu eta konpondu.

Apirilak 24, asteartea

17:00-17:30 Oihana estetika zentroak Irrati frekuentzia tratamendua Medesec-ekin, eta tratamenduak Dermapunt-ekin.
18:00-19:00 Amaia Olondris podologiak, Oinkadaren estudioa jardunaldia emango du.
19:00-19:30 Noelia Calero osteopatia zentruaren eskutik, Noiz joan osteopatarenera eta zergatik?

Apirilak 27, ostirala

18:00 Salto Gela Psikomotrizitatean, 0 eta 2 urte arteko seme-alabak dituzten familientzat topaketa: Nire seme-alaba jaio da, eta orain zer?