Oriaren historia 10 karteletan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 3a, 19:23

Auzoaren bizimodua eta historia erakuste aldera, hamar kartel berri jarri ditu udalak Orian. 9.196 euro inbertitu ditu

Oriako Karmengo kaperak eta inguruek itxura berria dute. Itxura berria, argazki historikoekin: auzoko bizimodua eta historia erakuste aldera, hamar kartel berri jarri ditu Lasarte-Oriako Udalak. 9.196 euro inbertitu ditu: eguraldiaren gorabeherak ongi jasaten dituen materialean inprimatzeagatik 7.018, eta, diseinuagatik, beste 2.178. "Lasarte-Oriako auzo maite honen bizitzaren une garrantzitsuak islatu ditugu karteletan", adierazi du Jesus Zaballos alkateak.

Hamar kartel, eta hamar argazki: automobil zirkuituko pare bat, Bruneteko langile talde bat 1870. urtean, Brunetenea jauregia, Bruneten lanean ari diren beharginen beste bi, Baratzalde etxearen atzealdea, familia bat artilea makilarekin astintzen, Oriako plaza Brunet fabrikaren mendeurreneko festan eta sorgin dantzaren desfilea. Guztion Lasarte-Oria programaren ekintzetako bat da: herriko horma eta guneak berritzea du helburu.