Oria ibaiari buruzko panel berriak jarri ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 23a, 17:00
Oria ibaiaren floraren eta faunaren inguruan egindako zaintza lanari balioa eman nahi izan diote

Lasarte-Oriako Udalak Añarbeko Urak mankomunitatearen laguntzaz, Oria ibaiaren birmoldatze eta fauna eta florari buruzko bi panel berri jarri ditu ibai ondoan, bata Zumaburuko parkean eta bestea Michelin kirol gunean.

Lasarte-Oriako Udal ordezkariek azaldu dutenez, Zumaburuko parke ingurua garrantzitsua da Oria ibaiko faunarentzat. "Ibaia handitua dagoenean, bertan bizi diren animaliak laku honetara hurbiltzen dira lasai egoteko". 

Eusko Jaurlaritzak ingurumen arloan egindako jardunbide egokiekin katalogoan argitaratu da Lasarte-Oriako lana. Honi balioa emateko hainbat ekintza egingo ditu udalak, panel hauek dira horietako bat.

Bestalde, Añarbek aurten 50. urteurrena du eta mankomunitateko herrietan ekintzak bultzatu nahi izan ditu. Lasarte-Orian panel horiek jartzen lagundu du.