Oria ertzean eraikitzen ari diren etxebizitzak "munstro urbanistikoa" direla dio PPk

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 29a, 19:14

Lasarte-Oriako PP alderdiaren ordezkari Alejandro Saenzek Oria ibai ertzeko etxebizitza berriak kritikatu ditu: "Etorbidea eta inguruak itzalez bete dituzte, hamabost pisuko munstro urbanistiko horrekin"

Oria ibai ertzean eraikitzen ari diren etxebizitza berriak gogor kritikatu ditu PP alderdiaren Lasarte-Oriako ordezkari Alejandro Saenzek. "Zer ari dira erakitzen hipodromo etorbidean? Gune eguzkitsu bat itzalez bete dute, hamabost pisuko munstro urbanistiko horrekin".

Saenz "harrituta" dago, obrek aurrera jarraitzen dutelako. "Publikoki salatu da etxebizitza horien eraikuntza, ibaitik oso gertu daudelako, eta uholdeak egoteko aukerak egon daitezkeelako; ganbara eta garajeetara irits daiteke ura. Badirudi Udalak 70. eta 80. hamarkadetara egin nahi duela atzera: etxebizitza mordoa eraiki zituzten orduan, zenbat eta gehiago hobe, baldintza eta arrisku posibleak aintzat hartu gabe".