Orain borrokatu, etorkizuneko pentsioak bermatzeko

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 16a, 19:11
Kalera irten dira pentsiodunak, eta, beste behin, herriko kaleak bete dituzte. Oraindik jubilatu ez diren hainbat pertsonek ere bat egin dute manifestazioarekin. Udan "mobilizazio gehiago" egingo dituztela iragarri du Lasarte-Oriako koordinakundeak

Kaleak bete dituzte Lasarte-Oriako pentsiodunek, beste behin; oraindik jubilatu ez diren hainbat herritarrek ere bat egin dute gaur eguerdiko manifestazioarekin, eta baita udal korporazioko hainbat alderditako kidek ere. Ehunka pertsonak zabaldu dituzte lau haizetara pentsio duinen aldeko aldarriak. Eta ez dira azkenak izango: udan zehar "mobilizazio gehiago" egingo dituela iragarri du Lasarte-Oriako koordinakundeak. 

Espaloian daudenak, errepidera! izan da manifestazioan zehar gehien entzun den oihuetako bat. Gaur egun jubilatuta dauden andre eta gizonek piztu dute aldarri sozial honen txinparta, baina behin eta berriro errepikatzen dute borroka hau ez dela eurena bakarrik. Orain borrokatu, etorkizuneko pentsioak bermatzeko. Ideia hori islatu dute gaurko elkarretaratzean erakutsi dituzten afixetan: Gaurko eta biharko pentsioengatik zioen horietako batek. Beste hainbat mezu ere zabaldu dituzte. Esate baterako, eskatu dituzte 1.080 euroko pentsio minimoak. Alderdi politikoei ere zuzendu zaizkie: Pentsioak ukitzen dituenak ez dauka nire botoa.

San Pedro eliza atzeko plazan elkartu dira manifestariak, 12:00etan. Koordinakundeko kideek gidatu dute jendetza: ilaran jarri dituzte, eta Zumaburu aldera joan dira, protestan. Buelta eman dute, eta Kale Nagusia zeharkatu gero. Tajamar biribilgunetik pasatzen ari zirela, goizeko irudi bitxienetako bat: Wheels and Waves motor jaialdian parte hartzera zihoazen hainbat motorzalerekin gurutzatu dira, eta hauek animoak eman dizkiete manifestariei, ukabilak gora altxaz eta motorrekin orro eginez. Txaloka eta esker onez erantzun diete mobilizazioan parte hartzen ari zirenek. Pablo Mutiozabal kaletik sartu dira ondoren, Geltoki kalea zeharkatu, eta, azkenik, Okendora iritsi dira.

Manifestu bat irakurri dute bertan. "Oraingoz ez dugu ikusi aldaketari pentsioen aferan, eta, horregatik, pentsio duinen alde protesta egiten jarraituko dugu". Lasarte-Oriako koordinakundeko kideek jakitera eman dutenez, tokian tokiko koordinakunde eta elkarte guztiak daude ados horrekin; orokorrak ere bai. Udan zehar jarraituko dute mobilizazioek. Datorren ikasturterako ere badituzte planak: adineko pertsonen eguna ospatzen da urriaren 1ean, eta, gaurko ekitaldian iragarri dutenez, iraila hasieran bilera bat egingo dute elkarte guztiek. Helburua da "mobilizazio handi bat" egitea, maiatzaren 26an Donostian egin zutenaren antzekoa.

"Batera jarraitu behar dugu"

Koordinakundeko kideen ustez, "batasuna" izan da mobilizazioen arrakastaren gakoetako bat: "Batera jarraitu behar dugu etorkizunean ere". Adierazi dute Gipuzkoa mailan koordinazio sarea mantenduko dutela pentsiodunek, udan: proposamen berritzaileak pentsatuko dituzte, herritarrak informatzen segiko dute, hedabideetan egin beharreko kanpainez hausnartu... Araba, Bizkaia eta Nafarroako plataformekin arituko dira, elkarlanean. Estatu mailakoekin ere mantenduko dute harremana.

Gaurko protesta ekintza amaitu aurretik, koordinakundeko kideek Etxezarreta familiari pasa diote mikrofonoa. Hiru belaunaldik hartu dute parte manifestazioan: aita pentsioduna da; alaba, langilea; biloba txikiak, etorkizuneko langile eta pentsiodunak. "Arazo hau ez da oraingo pentsiodunena bakarrik, ondorengoena ere bai", adierazi dute aitak eta alabak. Txalo artean hartu dituzte manifestariek eurek esandakoak. Hurrengo mobilizazioko txalo zaparrada are ozenagoa izatea espero dute; espaloian dabiltzan herritarrek errepidera joan beharko dute hori lortzeko.

Argazki galeria