Eguberriak iritsi dira. San Tomas amaitu eta haurrak Olentzero eta Mari Domingi noiz etorriko zain daude. Egunak eta orduak kontatzen egongo da bat baino gehiago, eskatutako oparia zuhaitz azpian ikusteko irrikitan.
Askok oraindik eskutitza prestatu gabe izango dute, baina igande arratsaldean Olentzero, Mari Domingi edo Xixukori emateko aukera izango dute Ttakun KEk antolatutako harrera jaialdian.
Desfilea
Ekitaldia hasi baino lehen Lasarte-Oriako kaleetatik barrena ikusi ahalko dira ikazkina eta bere lagunak, baita Porrotx bihurria ere.
Suzirien hotsek iragarriko dute Olentzero eta bere lagunen etorrera. Azken suziriarekin batera, 17:00ak aldera, Loidi Barreneko pilotalekutik kalejira erraldoia aterako da Okendo plazaruntz. Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotxek ibilbidea karrozan egingo dute.
Horiez gain, menditik jaitsitako galtzagorri bihurriak izango dira bi karrozetan, baita arkumetxoak ere.
Gazte Kluba eta Kuadrillategiko DBH2ko gazteei esker, pertsonaia mitologikoak ere izango dira desfilean: Sorginak eta Tartalo, Basajaun, Basandere, Mari Teilatuko eta lamiak.
Kuadrillategiko DBH1 mailako lagunek aldiz, argi-zuziriak eramango dituzte desfilean. Eta DBH4 mailako taldearen rezibatukadak giro ederra sortuko du.
Amaraun Klubeko haurrek aste honetan zehar egin den tailerrean otarrak prestatu dituzte. Horiek konfetiz bete eta desfilean zehar kaleak eta herritarrak alaitzeko jaurtiko dute.
Desfilea eta kaleak girotzeko Ttirriki Ttarrakako trikitilariak izango dira. Jalguneko kideek ere parte hartuko dute, baita nahi duten herritar guztiek ere.Hitzordua guztientzat 16:45ean izango da.
Emanaldia
Erdiguneko kaleetan zehar ibili ostean, karrozak Hipodromo etorbidean utzita Olentzero eta bere lagunak Okendoko oholtzara oinez joango dira. Harrera egiteko rezibatukadaren emanalditxoa izango da plazan.
Ostean, musikaz betetako Olentzeroren etorrera jaialdia hasiko da.
Olentzero prestatu bitartean, Xixuko, Porrotx eta Mari Domingi izango dira protagonista. Ezustekoz eta musikaz betetako tartea izango da. Porrotxek dantzan jarriko du plaza, eta antolatzaileek aipatu dutenez, gonbidatu bereziak izango ditu horretarako.
Jarraian, ikazkin ezagunari harrera beroa egingo zaio. Galtzagorri eta arkumetxoek lagunduta igoko da Olentzero oholtzara, eta haurrei hitz batzuk eskainiko dizkie.
Emanaldia amaitzean haur guztiek espero duten momentua iritsiko da: eskutitzak entregatuko dituzte. Olentzero, Mari Domingi eta Xixukok bi orduz etxeko txikien nahien eta ilusioen berri izango dute.
Oholtzan Ttirriki Ttarrakako lagunek hartuko dute arratsalde berezi hori girotzeko testigua. 20:00ak aldera, Olentzerok eta bere lagunak etxeko txikiak agurtuko dituzte, gau nekeza izango baitu ikazkinak aurretik. Antolatzaileek azaldu dutenez, eguraldi txarra egitekotan, jaialdia Loidi Barren pilotalekuan egingo litzateke.
Errondak eta txokolatea
Goizean ere, giro ederra izango da herriko etxe, baserri eta txokoetan.
Ohiturari jarraikiz, hainbat elkarte eta taldek ere Eguberri bezperako erronda egingo dute herritarrak alaituz.
Bigarren urtez Lasarte-Oriako ikastetxeetako haur eta gurasoak batera aterako dira kantuan Ttirriki Ttarraka taldeko kideak lagun dituztela.
Jaizkibel plazatik aterako dira guztiak, 11:00etan. Herriko kaleak girotuko dituzte, eta 12:00ak aldera Okendo plazara iritsiko dira. Bertan, Ttakun KEk antolatuta, 12:30ean, txokolate janaz gozatu ahalko dute, baita plazara hurbiltzen diren lagun guztiek ere.
Guraso elkarteko kideek ikasleak gonbidatu dituzte erronda honetan parte hartzera.
Honetaz gain, goizean, 10:00etatik aurrera, Zabaletako lagunak Antonio Blas plazatik irten eta auzoko txoko guztietan gabon giroa ezarriko dute haien kantuekin. Gainera, 12:30ak aldera, Mari Domingiren bisita izango dute, eta aurten auzoan jaio diren haurrei ongi etorria egingo diete, oparitxo eta guzti.
Arratsaldean Alboka abesbatza herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan, Atsobakar zaharren egoitzan hasita. Herriko zahar egoitzako kideentzat saiotxoa eskainiko du abesbatzak, horiei ere egun berezi hauek alaitzeko helburuarekin.
Bestalde, Erketz Euskal Dantza Taldeko kideek baserriz baserri egingo dute erronda.
Horiez gain, txanpon batzuk biltzeko asmoz haur taldeak ibiliko dira kale eta etxeetan zehar gabon doinuak eskaintzen.
Entseguak
Errondako doinak jakin eta ahotsak prestatzeko Erketz EDT eta Zabaleta auzoko lagunek entseguak egingo dituzte gaur, ostiralez.
Erketz EDTk, 20:00etan, Sasoeta auzoan kokatuta dagoen KZgune Zaharrean. Zabaletako auzotarrek berriz, 19:30ak aldera, Antonio Blas plazako lokalean bilduko dira. Herritarrak gonbidatu nahi dituzte taldeekin batera Gabon bezperako erronda egitera.