Omenaldi xumea Antonio Mercerori

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 19a, 12:00
Antonio Merceroren lanak erakutsiz, omenaldia egin nahi dio Lasarte-Oriako Udalak herriko seme ospetsuenetariko bati. 4 egunetako zine zikloa antolatu da. Lehen egunean ekitaldi xumea egingo da familiari babesa eta esker ona adierazteko

Lasarte-Oriako Udalak Antonio Mercero zinemagileari omenaldia eskainiko dio. 4 eguneko ziklo berezia izango da, maiatzaren 23tik 26ra, eta  lasarteoriatarraren hainbat garaiko lanak ikusi ahalko dira. Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias kultura zinegotziak eta Xabier Goitia kulturetxeko kudeatzaileak aurkeztu dute Antonio Merceroren omenezko zikloa.

Alkateak jakitera eman duenez, maiatzaren 23an, asteazkena zikloko filmak eskaini baino lehen gure herriko seme ospetsuari omenaldi xumea egingo zaio eta Antonio Merceroren alarguna, Isabel eta bere seme-alabetako bi izango dira honetan. Denis Itxaso Gipuzkoako Aldundiko kultura diputatua ere han izango da.

Ondoren, Nieves Herrerok Cita con la Vida programan Mercerori Lasarte-Orian egindako elkarrizketa, nazioartean ospetsua den La Cabina telefilma eta 2006an Lasarte-Oriako baserriei buruz egindako Baserri Galdua dokumentala ikusi ahalko dira. Jose Ignazio Ansorenak egingo du obren aurkezpena.

Ostegunean, hilak 24, Mercerok grabatutako telesaien lagin batez gozatu ahalko da: Crónicas de un Pueblo telesaileko El amor y una manzana kapitulua, Verano Azul ospetsuko Algo se muere en el alma kapitulua, eta Farmacia de Guardia ezaguneko Así se hizo el último capítulo dokumentala.

Maiatzaren 25ean, ostirala, lehendabizi, 1467 zenbakiko NODOan dagoen euskal meza proiektatuko da. Frankismoaren diktaduran filmatutako dokumental bitxi eta interesgarria, Lasarte-Oriako San Pedro elizan euskaraz egindako meza batena. Ostean, 4ª Planta film saritua eta konprometitua proiektatuko da. Pelikularen aurkezpena Euskadiko Filmategiko zuzendari Jose Fernandezek egingo du.

Zikloa larunbata 26an amaituko da, Antonio Merceroren azken filmarekin: ¿Y tú quién eres?, Alzheimerrarekin diagnostikatutako gizon baten bizimodura hurbiltzen gaituena. 2007ko film hau bizi-testamentu moduko bat da, bi urte geroago Antonio Mercero berak gaixotasun hori zuela jakin baitzuen.

Aldez aurretik, Históricos del Balompié telesaileko Realari buruzko dokumentalaren zati bat proiektatuko da. Jesús Angulo, Antonio Merceroren biografoa, arduratuko da azken saioaren aurkezpenaz.

Ekitaldi guztiak Manuel Lekuona Kulturetxeko auditorioan egingo dira, eta 18:30ean hasiko dira. Dohainik izango dira, baina gonbidapena behar da. Txartelak Manuel Lekuonan jaso ahalko dira maiatzaren 21etik aurrera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, edo leihatilan eguneko saioa hasi baino lehen.

Lasarte-Oriako alkateak bereziki eskertu die familiako kideei hilaren 23an Mercerori eskainiko zaion omenaldira etortzeko hartu duten konpromisoa.

Agerraldian Zaballosek Antonio Mercerok herriarekiko zuen lotura azpimarratu du eta gazteetan herriko kultur ekitaldietan parte hartzen zuela ekarri du gogora. “Oso harro sentitzen gara herri honetan, jaio eta hazi zen honetan. Herri honen bizitza sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartu zuen; esate baterako, Santa Anako parodia mantentzen, botereari buruzko parodia egitea batere erraza ez zen garai batean”.

Era berean, Merceroren lana nabarmendu du eta hainbat arlotan aurrerakoria izan zela azpimarratu du. Gaien trataeran esate baterako. Pantailan ohikoak ez ziren gaiak, hala nola haurren minbizia, familiako harremanak edo Alzheimerra bera landu zituen eta baztertuak ziren pertsonaiak ere erakutsi zituen.

Azkenik, une honetan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren 50.000 euroko diru-laguntza bati esker, Antonio Mercero Museo Birtuala martxan jartzeko azken lanen lizitazioa prestatzen ari dela jakitera eman dute. Gune horretan, interesatuek zinemagile lasarteoriatarraren bizitza eta obra kontsultatu ahalko dute. Aldez aurretik, eta hainbat urtetan zehar, Udala haren obra osoa digitalizatuz eta egile-eskubideak bilduz joan da, museo birtual horren bitartez haren ondarea kontsultatu eta ikusi ahal izateko. Egindako lanaren orain arteko kostua 63.000 eurokoa izan da.