Hondartzara edo mendira ez joatea eta Santa Ana artisautza azokara gerturatzea erabaki duten herritarrek bete-betean asmatu dute. Eguraldia lagun, mota guztietako produktuak ikusi eta erosi ahal izan dituzte Okendo plazan eta Antonio Mercero guneko arkupeetan. Sendoki elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu dute azokaren 33. edizioa, elkarlanean. Urtero sukaldari bat omentzeko ohitura daukate: Ramon Roteta hondarribiarrak jaso du aitortza gaurkoan. Unai Zabala artisauak aizto bat egin du, eskuz, eta sukaldariari eman.
Pozarren jaso du oroigarria Rotetak: "Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei gaurko omenaldiagatik, eta baita Unai Zabalari ere, aizto hau oparitzeagatik. Behin labana eskuetan dudala, plateren bat prestatu beharko dut, ezta? Zer nahi duzue?", bota die sukaldariak ikusleei, umorez. Lehengaiak behar baditu, azokan bertan produktu ezin hobeak dauzka. 50 artisauk jarri dituzte salgaiak gaur azokan: horietatik erdia baino gehiago, 26, elikagaienak dira. Antonio Mercero aretoaren ondoan bisitatu daitezke. Pastelak, hestebeteak, gaztak, baratxuriak eta beste hainbat elikagai eros daitezke horietan.
Okendoko postuetan, berriz, artisautza produktuak ikusi eta eros daitezke. Makilak, eskuz egindako pilotak, poltsak, loreak...imajinatu daitekeen ia edozer. Oraindik azoka bisitatu ez duenak ordubiak arte dauka aukera, edo, bestela, arratsaldeko bostetatik zortzietara.