Oboe eta harpa erakustaldia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urt. 31a, 20:22
'Duo 'incontro' bikoteak doinu barrokoak landu zituzten Brigitarren komentuan ostiralean, Danok Kide guraso elkarteak antolatutako Musika Topaketen barneko kontzertuan.

Itziar Lujanbio oboe joleak eta Francesca Romana harpa joleak osatzen dute 'Duo L'Incontro'. Doinu barrokoak maisutasunez interpretatu zituzten bi gazteek. Besteak beste, Vivaldi, Händel edota Teleman bezalako konpositoreen obrak jorratu zituzten. Azaldu zutenez, ez ziren oboearentzat eta harparentzat idatzitako lanak. Beraz, moldaketak haiek egindakoak dira. Brigitarren komentura gerturatutako herritarrak ederki gozatu zuten bi gazteek emandako erakustaldiaz.

Bi musikariak Musikenen ezagutu ziren goi mailako ikasketak egiten zituztela. Bukatzean, bakoitzak bere bideari ekin zion. Lujanbio donostiarrak Kolonian jarraitu zuen bere formakuntza, eta Romanak nazioartean eman ditu kontzertuak. 'Duo L'Incontro' osatzea erabaki dute errepertorio zabala batuz. Lehenengo kontzertuak eman dituzte Euskal Herrian eta Frantzian, eta hemendik aurrera gehiago programatuta dituzte jadanik.