Nerabeekin nola jokatu ikasteko guraso tailerra

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 25a, 11:42
Udalak “Nerabeekin noka jokatu” ikastaroa antolatu du gurasoentzat. Saio guztiak martxoko asteazkenetan izango dira; hau da, 4, 11, 18 eta 25ean 17:00tatik 19:00tarako ordutegian Villa Mirentxu-ko ekitaldi aretoan. Batez ere, 12 eta 18 urte arteko nerabeak dituzten gurasoei zuzenduta dagoela aipatu dute Udaletik.

Tailerra doakoa izango da baina plaza mugatuak direnez, gehienez 15 pertsona, aurrez izena eman beharko da Villa Mirentxun bertan edota izen-emate orria emailez bidalita.

Nerabezaroa garai korapilatsua izaten da, bai gazteentzat, baita gurasoentzat ere. Familiartekoen harremanak zaildu egiten dira garai horretan eta zalantzak izaten dituzte gurasoek. Metodologia parte-hartzailearen bitartez, lau gai landuko dira Udalak antolatutako ikastaroan.

Mugak, komunikazioa, sare sozialak eta drogak

Lehenengoan, arauak eta mugak ezartzearen inguruan gogoeta egingo da. Seme-alabei ez esaten zaienean, esandakoa ez onartzea, frustrazioaren intolerantzia, amorruak, gurasoen papera ezinbestekoa da nerabeen bizitzan beraiek baitira hauen segurtasun iturri eta jarraitu beharreko ereduak.  Besteak beste, arauak eta jokaeren mugak ezartzeko zentzua eta beharraz mintzatuko dira saio honetan, jarraibide argi eta koherenteak nola jarri, zein momentutik aurrera jokaera zehatz bat onartezina bihurtzen denean nola mugatu, gurasoen artean arauen bateratzea bultzatzea, arauak eta mugak seme-alabei helarazteko jarraibideak bestek beste.

Bigarrenean berriz, familian dagoen komunikazioaz egingo da lanketa, komunikazioa funtsezkoa bada ere, seme-alabak heztea ez da komunikatze hutsa. Behar haina hitz egiten al da seme-alabekin? Zertaz? Zein zailtasun daude? Gutxienezko komunikazio errutinak nola ezarri, hitz egiteko espazio eta uneak nola bilatu, azken finean seme-alabekin komunikazioa nola hobetu landuko da.

Sare Sozialen gaiari helduko diote hirugarrenean. Teknologia berriek nerabeen egunerokotasunean eta euren inguruan gauzatzen diren ekintza askotan gero eta presentzia handiagoa dute. Mugikorrak, Facebook-a, Tuenti-a, harreman errealak birtualengatik ordezkatzea… sare sozialen arriskuak eta onurak ikusiko  dira.

Azken saioan, drogak eta hauen aurrean familiak duen jarrera izango da hizpide. Tabakoa, alkohola eta beste droga batzuen erabilerari buruz familiek arau argiak izan beharraren inguruan hitz egingo da. Noiz hitz egin behar da drogen erabilerari buruz seme-alabekin? Nola? Nerabeen logela txukuntzen zabiltza eta bat-batean hatxis zatitxo bat aurkitzen duzu. 15 urteko seme-alaba herriko jaietan atera ondoren gauean alkohol kiratsa dariola eta zailtasunekin bueltatzen da etxera. Nola ekingo diogu lehen kontsumoen aurrean? Berehala arau zorrotz bat ezarriko diogu?