Musika eta Eguberrietako ekintzak, kultura agendan

Nerea Eizagirre 2017ko aza. 29a, 18:00

Musika, zinea, Jalguneren jaialdia, diaporama historikoa eta Eguberrietako ekintzak izango dira nagusi abenduko kultur agendan. Maite Iglesias Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Manuel Lekuonako kudeatzaile berriak aurkeztu dute egitarau oparoa

Okendo Zinema taldeak gidatzen duen zine forumak emango dio hasiera hilabeteari. Abenduaren 1ean, Pasaiako Badia dokumentala eskainiko dute. Abenduaren 15ean, Cannesko Urrezko Palma eskuratu duen The Square filma ikusi ahalko da eta abenduaren 28an, azkenik, 50 primaveras filma izango da.

Animaziozko bi filmez gozatu ahalko dute haurrek hilabete honetan: abenduaren 3an, Hurrak eta lapurrak 2 eta abenduaren 17an, Deep. Helduen zinea atalari dagokionez ere bi film izango dira: abenduaren 3an, La batalla de los sexos filma eta abenduaren 17an, Canción de Nueva York

Musika 

Bestalde, Eguberrietako giroa aste bete aurreratuko da Lasarte-Orian. Alboka Abesbatzak eta Oiartzungo Lartaun abesbatzen ahotsetan nazioarteko Eguberri doinuak entzungo dira abenduaren 17an Ama Brigitarren komentuan.

Abenduaren 20an, Udal Musika eskolako ikasle eta irakasleen txanda izango da Manuel Lekuonan. Eguberrietako abestiak eta doinu klasikoak eskainiko dituzte.

Danok Kide elkarteak antolatzen dituen Musika Topaketen hitzordu berria ere izango da, abenduaren 22an. Ana Garcia organo joleak eta Amaia Arberas sopranoak “kalitate handiko” emanaldi eskainiko dute.

Abenduaren 27an, aldiz, Ane Arteche harpa-jotzailearen trebetasunaz gozatu ahalko da. Eta azken urteeko arrakasta ikusirik, Gospel kontzertua ere izango da abenduaren 29an. 

Jaiak 

Eguberrietako aurrekari izango da ere San Tomas azoka. Abenduaren 21eko arratsaldean Okendo plazan postuak, haurrentzako tailerrak, musika eta txerria izango dira.

Eguberrietako parkeak abenduaren 22an irekiko ditu ateak eta abenduaren 31era arte izango da martxan. 

Abenduaren 24an, Olentzero, Mari Domingi eta Xixuko izango dira Lasarte-Oriako kaleetan. Okendo plazan etorrera jaialdia egin eta haurren eskutitzak jasoko dituzte.

Beste ekintzak

Baina hori guztiaz gain, izango da besterik.

Jalgune elkartearen Lasarte-Orian gai gara jaialdian abenduaren 2an, Lasarte-Oriako hainbat elkarte izango dira. “Sarrera behar da eta dagoeneko agortu dira”.

Abenduaren 12an, ipuin kontalarien azken saioa izango da. Kontu Kantoiko lagunen eskutik, 6 eta 8 urteko gaztetxoek ipuin ezberdinak ezagutuko dituzte.

Azkenik, Lasarte-Oriako kirola izango da protagonista abenduaren 16an. Zero Sette akordeoi taldearen doinuez lagunduta diaporama historikoaz gozatu ahalko da. “Gogoratzen duguna gara diaporamak arrakasta handia izan zuen eta herritarrek Lasarte-Oriaren historia diaporama bidez ezagutzea ideia ona dela aipatu ziguten”.