Muñoa eta Labaka 'Gipuzkoa Bertsotan' fasean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 8a, 11:45
Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015erako sailkapen fasea da. Hilabeteko epean, 24 saio izango dira Gipuzkoa osoan. Denera 74 bertsolarik hartuko dute parte. Tartean dira Ane Labaka eta Unai Muñoa herritarrak eta baita Earra! Bertso eskolako Asier Azpiroz eta Beñat Iguaran ere.

Bertsolari bakoitzak bina saiotan egingo du bertsotan, goiz eta arratsaldez, eta saio bietako puntuen batuketek esango dute zein 30 bertsolarik lortuko duten irailaren 20an abiatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela. 

Bertan, dagoeneko sailkatuta dauden beste hamahiru bertsolari izango dituzte zain, duela lau urte finalaurrekoetara ailegatu zirenak hain zuzen.

Herritarren hitzorduak

Bertsotan egiten lehena Unai Muñoa izango da, asteburu honetan bertan. Astigarragako kultur etxean dauka saioa, larunbat goizeko 11:30ean. Bigarren jardunaldia hilaren 17an izango du, Bergarako Zabalotegin, arratsaldeko 17:30ean.

Ane Labakari dagokionez, beranduago hasiko du sailkapen fasea, maiatzaren 17an zehazki. Hernaniko Sandiusterri aretoan egingo du bertsotan lehenik, arratsaldeko 17:30etik aurrera. Bigarren saioa Zizurkilen dauka, maiatzaren 31n, goizeko 11:30ean hasita. 

Gipuzkoako bertsolari txapelketan oro har, bederatzi gai-jartzaile, hemeretzi epaile eta boluntario andana arituko da lanean. Sailkapen faseko saioak ikusteko txartelak egunean bertan salduko dira, aretoko lehiatiletan 4 eta 6 euroko prezioan. Final handia berriz, Donostian jokatuko da, abenduaren 20an. 

Sare sozialetan Twitter bidez txapelketaren jarraipena egingo da @GBertsozale kontuan eta #GBT15 traola erabilita.

 

Unai Muñoa: “Azken unean erabaki dut aurkeztea”

Duela lau urte hiru puntugatik geratu zen Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoetatik kanpo Unai Muñoa. Halakorik berdintzea zail ikusten du: “Ez diot behar besteko arretarik eskaini txapelketari, edozer gerta daiteke eta mentalizatuta noa”.

Baietz, ezetz... Azkenean aurkeztu zara txapelketara. Ze asmorekin?

Zalantza handiak izan ditut zentzu bat eman nahi niolako nire parte-hartzeari. Azken momentuan baietz esan dut, baina ez segurtasun handiarekin. Gauza askotan nabil, gauza asko dauzkat buruan eta banekien ez nuela nahikoa denbora edukiko txapelketari behar duen arreta eta ilusioa eskaintzeko. Dagoenarekin noa. Nire buruari galdetu nion aurkezteak zer aportatuko zidan... Presioa, denbora eta inbertsio handia delako. Baina azkenean urratsa ematea erabaki dut.

Zer eginda zeundeke gustura?

Txapelketari ez diot kasu handiegirik egin. Ahal den ondoen pasatzen saiatuko naiz, baina ez daukat batere prestatuta. Hori esanda, ematen du zama gainetik kentzeko esaten dudala, baina kasu honetan ez da hori. Ahal den onena ematera joango naiz, jakina. Dena den, konsziente naiz ez nagoela sasoi betean, ehuneko ehunetik urrun nago. Oso posible da lehen fasean kanpoan geratzea, egunaren arabera izango da, dohainak baditut eta pasatzea ere posible da. Ikusiko dugu. Azterketa batera ikasi gabe joaten den ikaslea bezala noa txapelketara.

Beraz, duela lau urteko konturik ez.

Logikaz, prestakuntzaz eta arretaz horra iristea zaila ikusten dut. Gazteak sasoiko datoz atzetik, teknikoki brillanteak dira. Nire aukera esperientzia aldetik diskurtsoak ematen duen indarra da, edukiak, ikuspuntuak eta iritziak landu nahi ditut. Heldutasuna baliatu nahi dut ahal den urrunen iristeko.

 

Ane Labaka: “Helduago ikusten dut nire burua”

Bigarren txapelketa da Ane Labakarentzat. Duela lau urte final-laurdenetara ailegatu zen eta lehen fase hau gainditu egin nahi du aurten, “baina badakizu, edozer gerta daiteke, zortea, eguna... Maila handia dago”.

Zertan esango zenuke nabaritu duzula bilakaera lau urteotan?

Orain inoiz baino plaza gehiago egiten ari naiz. Bertsoaz gain, ikasi dut gauzak askoz errazago aurrera eramaten. Pertsonalki hobeto nago. Ez dit hainbesteko karga suposatuko aurtengoak. Duela lau urte ematen zuen mundua bukatuko zela. Aurten alde horretatik helduago ikusten dut nire burua, indar gehiagorekin. Niretik, nik nahi dudanetik kantatzen ari naiz.

Nola prestatu duzu hitzordua?

Gogo askorekin. Errimak lantzen lehen aldiz aritu naiz serio, nire kabuz errimategia osatzen. Koaderno bat daukat alfabetikoki ordenatuta, lotura daukaten hitzak elkarrekin jarri eta gero horiek errepasatzen ditut. Bertso eskolan elkartzeaz aparte, nire adin bueltakoekin Donostian astean bi aldiz ere elkartu naiz txapelketari begira, txapel-ketako ariketak egiteko. 

Berrikuntzarik bai aurtengorako?

Asmoa daukat bakarka zazpi puntu kantatzeko Unai Agirreren doinu batean. Bere kantakera oso berea da, eta nik kantatuta asko aldatzen dela diote. Doinu berriekin ez naiz atrebitzen.

Gazteak indartsu zatoztela Ane... Presiorik nabari al duzu? 

Har berezia sortzen du txapelketak. Nik dagoeneko amestu dut kantatzen ari nintzela. Lehia den guztiak ekartzen du ezinegon puntu hori, aurrera pasa nahi izatea, barruan duzun guztia eman nahi izatea, ahal dan onena erakustea... Denok nahi izaten dugu hori. Mugitzen du barruan zer edo zer.