Kulturez elikatzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko aza. 25a, 20:12
Bapo bazkaldu dute dozenaka herritarrek gaur, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Ampa Burunzpe guraso elkarteak bazkari multikulturalaren seigarren edizioa antolatu du

Gimnasio bat zen, baina puntako jatetxe bat zirudien. Batez ere, zegoen usain goxoarengatik. Hainbat kultura nahastu eta ezagutu dira elkar gaur, gastronomiaren bidez: dozenaka plater dastatu dituzte Sasoeta ikastetxera joan diren herritarrek bazkari multikulturalaren seigarren edizioan. Ampa Burunzpek antolatu du dena. Guraso elkarte horretako kide Henar Adrianek egin die ongietorria jatunei. Udal korporazioko hainbat kide ere joan dira bazkaltzera: Lourdes Acevedo (PSE-EE), Pablo Barrio (EH Bildu), Arkaitz Naya (LOAD) eta Jon Antxordoki (EAJ). Epaile lanak egin dituzte jakiak ahora eraman bitartean.

Mahai askoz osatutako laukizuzen bat erabili dute familiek prestatutako platerak erakusteko. Iskinetako batean, Boliviako errezeta bat: kinoa esnearekin, sagarrarekin eta kanelarekin. Laguntzeko, kuñape ogia. Rivera familiak prestatu du plater hori. Bazeuden munduko beste leku askotako jakiak. Plazintea, esate baterako: horrela deitzen diote Moldavian gazta enpanadillari. Nikaraguako bigoroiak ere itxura bikaina zeukan. Aza, txintxorta eta juka entsalada bat jaten dute herrialde horretan. Mendebaldeko Saharako familia batek te goxoa prestatu du, edateko. Bazeuden euskal gastronomian eta estatu mailan ezagunagoak diren plater batzuk: patata tortila, haragi bolak tomatearekin eta kalamar arrautzaztatuak, besteak beste. Postrerako, gazta tarta, azenario tarta, zenbait bizkotxo eta pontxe errusiarra. Ez da ezer geratu soberan, oso goxoa zegoelako dena.

Bapo jan eta edan ostean, karaokean kantatzen eta dantzatzen pasa dute arratsaldea.

Argazki galeria