Motorzaleen elkargune izango da Okendo plaza

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 26a, 19:58
Loquillo Riders motorzaleen elkarteak lehenengo urteurrena ospatuko du azaroaren 4an, eta egitarau zabala antolatu du egun horretarako, Lasarte-Orian. Goizetik gauera bitarte, ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera eskainiko dute

Motorrak hartu, ibilbidea egin, bisita sozio-kulturalak antolatu eta bazkari eder batekin amaitu. Hori izaten da hileroko Loquillo Riders motorzale taldearen plana, gutxi gora behera.

2015. urtean hasi ziren motorzaleak elkartzen. Sare sozialen bidez komunikatu, eta  leku ezberdinetara irteerak egin zituzten motorrak hartuta. 
Horietako bat Gipuzkoan egin zuten, herrialdean egiten zuten lehena izan zen, eta egun osoko egitaraua Lasarte-Orian amaitu zen; Kale Nagusiko Mendi Rock tabernan, zehazki. 

Aitor Sanchez motorzale taldeko kideak azaldu moduan, bertan bilduta zeudela, taldeari izen bat ematea erabaki zuten, eta tabernaren izen bera emanaz, Loquillo Espiritu izena jarri zioten.

Orain urtebete, berriz, taldea erregistratzea pentsatu zuten, baina ordura arteko taldeko zenbait kideen bajak medio, izena aldatzea erabaki zuten: Loquillo Riders.  Egun, 82 bazkidek osatzen dute taldea.

Urteurren ospakizuna
Azaroaren 4an antolatu du taldeak urteurrena, eta hori behar bezala ospatu asmoz, egun osoko egitarau zabala antolatu dute. Horren berri eman zuten astearte iluntzean.
Ekintza gehienak Okendo plazan egingo direla jakinarazi dute, nahiz eta izen ematea (goizean), Sasoeta auzoko 2KN kafetegian egin beharko duten partehartzaileek. "Ospakizunaren bitartez herritarrei Loquillo Riders ezagutaraztea da gure helburua", adierazi zuen Sanchezek.

Agerraldian esan zuten moduan, edonork du datorren larunbateko festan parte hartzea. Edozein motor izan eta parte hartzeko gogoa dutenei deia luzatu zieten gonbidta: "Moto eta motorzale guztiei irekita dagoen ekitaldia izango da, ez dago bertan parte hartzeko beharrezko adinik, eta taldetik deia luzatzen diegu gurekin parte hartzera animatu daitezen", azaldu zuten antzolatzaileek. 

Ibilbide solidarioak
Hilabeteroko hitzorduez gain, Ibilbide solidarioak ere egiten dituztela jakinarazi zuten. Orain arte bi egin dituzte, eta lortutako dirua behar dutenei eman:  zaintza bereziak behar dituzten bi umeen familiek jaso dute bildutakoa.