Motor hotsak eta erregai usaina, asteburuan zehar

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 17a, 22:22
Motorzaleen bilgune izan da Lasarte-Oria, laugarren urtez. Hamaika ekitaldiz osatutako egitaraua prestatu du Euskadiko Scooter Club elkarteak, eta, eguraldia guztiz portatu ez bada ere, vespa eta lambretten motorrek ohi bezela egin dute orro herriko kaleetan zehar

Ibilgailu dotoreak, motor hotsak eta erregai usaina izan dira ekitaldiz betetako asteburuko protagonistak. Ez dira izan bakarrak, baina oso presente egon dira ostiraletik igandera bitartean. Vespa eta lambretten laugarren topaketa antolatu du Euskadi Scooter Club elkarteak, eta motorzaleek ez dute hutsik egin. Estatu osotik etorritako gidarien bilgune izan dira Lasarte-Oriako kale eta errepideak.

Larunbat eguerdian elkartu ziren motorzale gehienak, Okendo plazan. Oso goibel esnatu zen eguna, eta euri dezente egin zuen. Zorionez, eguerdi partean atertu, eta inor ez zen gehiago busti. Herritar ugari animatu ziren gidarien vespa eta lambrettak gertutik ikustera. 12:30ean, pentsiodunen manifestazioa bukatu eta berehala, 60 bat kilometroko irteera egin zuten motorzaleek. Okendo plazatik irten eta Donostiarantz abiatu ziren, herrira bueltatzeko gero. Eguerdi partean motor hotsak are ozenago entzun ziren herrian: Wheels and waves motor jaialdia ospatu zen Hipodromoan, eta motorzaleek errepideak hartu zituzten. Harley Davidson eta antzeko marketako motorrak erakutsi zituzten. Vespa eta lambretta gidarien irteerarekin topo egin zuten askok. Etengabea izan zen burrunba.

Bazkaria eta kontzertuak

Hernaniko Jauregi jatetxean bazkaldu zuten motorzaleek. Bapo jan eta gero, sariak eta oroigarriak banatzeko txanda iritsi zen. Bukatzean, Lasarte-Oriara bueltatu ziren motor hotsak eta erregai usaina; Zumaburu auzoko Andapa kalera, hain justu. Vespa eta lambrettak bertan aparkatu, eta erakusketa egin zuten pare bat orduz.

Eguzkia ezkutatzearekin batera hasi ziren musika eta kontzertuak, Buenetxea taberna inguruan. Ragtones taldearen blues doinuek girotu zuten gaua. Gaueko ordu txikietara arte luzatu zuen festa batek baino gehiagok. Andoni eta Rudy Garcia DJak arduratu ziren musikaz. 

Gaur eguerdiko bermuta Arkupe tabernan hartu dute motorzaleek. Eguraldi ezin hobea lagun, distira berezia zuten vespek eta lambrettek. Asteburu osoan zehar motorrak ikusi ezin izan dituzten lasarteoriatarrek ez dute ibilgailuak gertutik ikusteko aukera galdu. Bakoitza bere etxera bueltatu baino lehen, Extremeña elkartean egin dute bazkari legea. Atseden hartzea dagokie orain, baina gogoz daude bosgarren ediziorako.