Mobilizatzera deitu dute autobus gidariek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 3a, 10:30
TSST eta Garayar autobus konpainien langileek salatu dute Gipuzkoako Aldundiaren aurreproiektua: 30 bat lanpostu suntsitzeaz gainera, zerbitzu publikoan "murrizketa bortzitzak" egingo ditu. Herritarren babesa eskatu dute zerbitzuak defendatzeko

Gipuzkoako Aldundiak aurkeztutako autbobus zerbitzuen proiektuak soka luzea ekarri du. Orain, langileek adierazi dute euren "kezka eta haserrea", eta herritarrei dei egin diete eurekin batera mobilizatzera. Izan ere, murrizketak aurrera ateraz gero, salatu dute TSST eta Garayar autobus konpainietako 30 langile kaleratu ditzaketela. LABeko ordezkariekin agerraldia egin zuten atzo, ostegunean, Hernaniko udaletxean. 

Lanpostuak suntsitzeaz gainera, proiektuak gidarien lan egiteko era moldatuko luke, eta, honenbestez, ordutegi estuagoa eta atseden gutxiago izateko arriskua dute. "Jendea garraiatzen dugu. Gidariek atseden gutxiago badugu, istripuak izateko arrisku handiagoa izango da", ohartarazi dute gidariek. 

Murrizketak bete-betean eragingo die herritarrei, eta, horregatik, gizarte zerbitzuen defentsarekin lotu nahi dute euren borroka. "Aldundian batzuei ahaztu egin zaie zerbitzu publiko batez ari garela. Gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik dago". 

Langileek erakutsitako datuek azaltzen dutenez, ez dago arrazoirik zerbitzuak murrizteko.   2016an, eskualdean 97.652 igo zen biztanleria, eta 130.864 desplazamendu gehiago egon ziren. Gainera, Gipuzkoa da autoa gehien erabiltzen den herrialdea. 

Gipuzkoako Aldundiak irailaren 8an aurkeztu zuen aurreproiektua, eta sindikatuek ez ezik, murrizketak eragiten dieten udal guztiek jarri dituzte helegiteak. 

EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek ere helegiteak jarri dituzte. Epeak oso motzak dira, abendurako aurkeztu behar baitute proiektua, eta espero da hurrengo urte hasieran indarrean jartzea. 

Gidariak dagoeneko hasi dira mobilizatzen. Herritarrei proiektuaren nondik norakoak jakinarazteko esku orriak banatuko dituzte autobus geltokietan. Horrez gainera, azaroaren 15an protesta egingo dute Diputazioaren aurrean.