'Mingaina Dantzan', berriz Ttakunen eskutik

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 19a, 12:33
Udaleku horietan euskararen erabilera sustatzeko estrategiak landuko dituzte, ondoren besteetan erabili ahal izateko. Iaz bezala, aurten ere Ttakun Kultur Elkarteak antolatuko ditu. Egoera soziolinguistiko ezberdinetako gaztetxoak elkartuko dituzte

Ez dira ohiko udalekuak. Euskararen erabilera sustatzeko estrategiak lantzeko proba berritzailea egin zuten iaz, DBH1 eta DBH2ko gaztetxoekin. Mingaina Dantzan udalekuetan,  testuinguru euskaldunetako ikasleak eremu ez horren euskaldunetakoekin nahastu zituzten, aztertzeko zer nolako eragina zuen horrek hizkuntzaren erabileran. Pozik daude sustatzaileak ateratako emaitzekin, eta aurten ere berriz egingo dute ekimena, moldaketa batzuekin. Iaz bezala, Ttakun Kultur Elkartearen esku geratu da antolaketa. 

Ttakuneko Iñaki Aristondo izan zen udalekuen aurkezpenean, Donostiako Miramar Jauregian, joan den asteartean. Harekin batera eseri ziren Miren Dobabaran Eusko Jaurlaritzako Hitzkuntza Politika Salburuordea, Iñaki Eizmendi Ebete-ko aditua eta Josu Labaka UEMAko presidentea. 

Dobaranek azaldu ditu udaleku horien berezitasunak. "Udalekuak antolatzea ez da berez Eusko Jaurlaritzaren zeregina; beste erakundeek eskarmentu handiagoa dute horretan". Proiektuan sartu izanaren arrazoiak ere aipatu ditu: "Beste udalekuetan erabili ahal izateko, euskararen erabilera sustatzeko  estrategiak nahi ditugu aztertu". 

Estrategiak garatu
Ebetek zehaztu ditu udalekuetan erabiliko dituzten estrategiak. Eizmendik iaz aterako ondorioak ezagutarazi ditu. "Ideia zen eremu euskaldunetako haurrak gehiengo izatea, besteak bultzatzeko euskaraz hitz egiteko. Proportzio hori ez genuen lortu". Halere, emaitza onak lortu zituzten. Euskararen erabilera %75koa izan zen. "Euskara asko hitz egin zuten, baina ez guk nahi genuen adina. Erabilitako estrategiak garatuko ditugu aurten". 

Bi txanda izango dira aurten, iaz bezala. Lehena uztailaren 4tik 13ra, eta hurrengoa hilzaren 16tik 25era, biak Berrizko (Bizkaia) Olakueta aterpetxean. Izen ematea apirilaren 27ra arte egin ahalko da, mingaintzadantzan.eus webgunean. Maiatzaren 4ean aterako da onartuen zerrenda. 

Lehenengo txandan irizpide soziolinguistikoaren arabera sailkatuko dituzte gaztetxoak. Hau da, bi herenak eremu euskaldunetakoak izango dira, eta gainerakoak ez horren euskaldunetakoak. Bigarrenean, berriz, bi herenak etxeko ama euskara dutenak ziango dira. Modu horretan bultzatu nahi dute testuinguru ez horren euskalduneko haurren erabilera bultzatzen.