Ia bi urte daramatza taldean, eta, “zalantzarik gabe”, sanpedroetakoa izango da haren kontzertu berezienetakoa. “Bikotekideak esaten dit blusarekin ateratzeko oholtzara”. Mikel Urreiztik kantatzea du zaletasun, nahiz eta oraindik afizio hori ofizio ez bihurtu. Horregatik, beharbada, aukeratu zuten Golden Apple Quartet laukotearen parte izateko. “Ez naiz profesionala, baina txikitatik entzun ditut, eta haien giroan eroso nago”. San Pedro bezperan abestuko du laukoteak, Okendo plazan, 20:00etan.
Lasarte-Orian abestu behar duzue festetan. Oso berezia izango da zuretzako, ezta?
Bai, badaukat urduritasun puntu desberdin bat. Inoiz ez da galtzen urduritasun puntu hori, horrek ematen dizu-eta kontzentrazioa. Gogo asko ditut herrian abesteko, baina gogorra izango da. Eszenatokian zaudenean %25 zuri begira daude, lau garelako. Baina Lasarten badakit ehuneko askoz ere handiagoa izango dela.
Izango al duzu protagonismo berezirik herrian abestegatik?
Edurekin [Eduardo Dorronsororekin] ari naiz, ea zerbait berezia okurritzen zaion. Gran selección egingo dugu; kalean egiteko ikuskizuna da, arinagoa. Mundo intrépido antzoki batean egin behar da derrigorrean, ikus-entzuleek kontzentrazio handiagoa behar dutelako.
Zer moduzkoak ari dira izaten bi urte hauek?
Oso onak. Plazer bat da. Nik beti abestu dut, Albokan lehenengo, eta Landarbaso abesbatzan gero. Oholtza gainean jendearen energiarekin hartu-emanak izaten dituzu, baina hau guztiz desberdina da. Ezin duzu hutsik egin. Lau bakarrik gara, bakoitzak bere ahotsa du, eta ez dago huts egiteko aukerarik. Tentsio hori askoz ere indartsuagoa da, baina baita ikus-entzuleen erantzuna ere. Badakizu hor gertatzen dena zure eraginez dela, bai onerako zein txarrerako. Eta tentsio hori gozamen bat da.
Zuek ez duzue abestu bakarrik egiten, gainera. Antzezlanetik badu asko zuenak.
Beno, aktoreak ez gara. Badu sketch euskarri hori, zeren umorea lantzen dugu. Haiek 30 urte daramatzate, eta beti esaten dute: abesti bat izan daiteke musikalki zaila, eta horregatik polita; barregarria izan daiteke, hitzengatik, edo, bestela, antzezlanarengatik; eta, azkenik, bi elementu horiek nahastu daitezke. Ez gara aktoreak; norberak ikasi ditu trikimailu batzuk. Baina bai, batzuetan antzeztu beharra dago, hitz eginez zenbaitetan, isilik egoten besteetan. Goldenak, funtsean, bi gauza dira: umorea eta ongi abestea.
Nolakoa da ikus-entzulearen eta artistaren arteko harremana oholtza gainean?
Oso zuzena da, izugarria da publikoarekiko sortzen den hartu-emana. Donostian egin nuen estreinaldia. 60 abesti ikasi behar izan nituen lau hilabetean; bakoitzak bere koreografia du, bere momentuak… dena neurtua eta sinkronizatua dago. Oso urduri negoen. Loyolak [Loyola Garmendiak] esan zidan ez kezkatzeko, oholtza gainean ez zela ezer ikusten; gezurra galanta. Lehen lerrokoen aurpegiak argi eta garbi ikusten dira. Gainera, umorista bakoitzak bere kodigoa du, eta jendeak zurea harrapatzen duenean, edozer gauza eginda ere barre egiten du. Baina kodigo hori harrapatzen ez duen publiko bat oso zaila da. Esan dakizkiguken gauzari politena da: “Bi ordutan, kontzertuak iraun bitartean, ez dut beste ezertaz pentsatu”.
Gertatu al zaizue noizbait jendeak barre ez egitea?
Senperera joan ginen proba bat egitera. Ikuskizun bat prestatu genuen, gaztelera erabili gabe. Frantsesez egiten genituen xehetasun batzuk, eta nazioarteko abesti ezagunak erabili. Ez gintuzten ezagutzen, eta aurreneko hamar hamabost minutuak tentsio handikoak izan ziren, inork barrerik egiten ez zuelako. Baina zure umorea ulertzen hasten direnean desberdina da; ez da asko kostatzen, egia esan, oso sinplea delako. Orduan ikusten duzu haien aurpegia aldatzen dela, eta gauzak berotzen hasten dira. Eta listo, egina dago orduan. Baina ordura artekoa oso zaila da, tentsio handikoa.
Esan duzu artista bakoitzak duela bere umore kodea. Kike Ochoak berea zuen, eta zuk hura ordezkatu duzu. Zein da zure rola?
Bakoitzak du umorea egiteko bere era, baina denak gaude Goldenen barruan. Eduk sortzen du umorea. Bera da garun pentsalaria. Loyolaren ekarpena musikala da. Gero denek egiten dugu gure ekarpentxoa; entseguak egiterako orduan eztabaidatzen dugu. Baina, oro har, Eduren umorean mugitzen gara denak. Niri hasieratik esan zidaten: "Ez zara Kike izaten saiatu behar".
Desberdintasun handia egongo da zure pertsonaiaren eta Kikeren artean, ezta?
Urte mordoa egon da Kike; nik betidanik gogoratzen dut. Bere pertsonaia zuen: lauren artean edadetuena da, Radio Goldenen boleroak gustatzen zaizkio. Zentzu onean, baina atzerakoi bat zen. Ni berria naiz, eta haien umorera moldatzen naiz. Ez dut bera izaten saiatu behar, baizik eta sortzen duten umore horretara batu behar naiz.
Gazteena izateagatik ez al dizute adarra bereziki jotzen?
Pixka bat bai. Oso gertukoa da giroa.
Bada nepotismo zantzuak hartu dizkionak zure aukeraketari. Loyola Garmendiaren iloba zara.
Galdera horren zain nengoen. Abeslari profesionalak bilatzen hasi ziren Kike ordezkatzeko. Ni ez naiz profesionala, Albokan hamabost bat urtean abestu dut, eta Landarbason beste pare batean. Ez naiz musikaria, partitura batekin defendatzen naizen arren. Baina haiek ez zuten abeslari profesional bat behar, baizik eta haien umore kodean moldatuko zen pertsona bat. Loyolak ez zuen nigan pentsatu bere iloba naizelako. Landarbason abesten nuenean, Goldenek gurekin egin zuen ekitaldi bat. Landarbaso abesbatzak oso maila altua du, amateurren artean munduko lehen hamarren artean dago. Orduan Loyolak galdetu zion zuzendariari ea zer moduz nebilen ni abesbatzan, bazekien -eta musikaz larri nenbilela. Zuzendariak erantzun zion oso langilea nintzela, eta ondo moldatzen nintzela. Orduan, autoan bueltan, Loyolak galdetu zien besteei: "Zergatik ez diogu Mikeli galdetzen; ongi ezagutzen gaitu?".
Froga bat egingo zizuten.
Bai, hautaproba bat pasa behar izan nuen. Lau abesti, eta horiek prestatzeko bi aste eman zizkidaten. Abesti horietako bat oso konplikatua zen, eta, tira, hutsegite txiki batzuekin, baina ondo egitea lortu nuen. Gustora geratu ziren, eta probatzen hasi ginen. Baiezkoa ez zen hasieratik etorri. Eduri ere gustatzen zitzaion nola sartu zezakeen nire pertsonaia bere sistema horretan, eta aurrera egin genuen.
Funtsean, lagun kudarilla bat al da laukotea? Horrela sortu zen, ezta? Errazena esatea da bere iloba naizelako hartu nindutela. Egia da horrela izan ez balitz, ez nindutela deitu ere egingo. Kontua da oso gertuko giroa dutela euren artean. Tole, nire osaba, Manu eta Edu zueden hasierako taldean. Nire osaba eta Edu ikastolatik ezagutzen dira, eta Manu eta Tole abesbatzan ezaugutu zituzten, 14 urterekin. Haurtzaroko lagunak dira denak. Lehen esan bezala, Golden antzerkia ere bada, eta beharrezkoa da konplizitate handia. Batez ere, baten batek huts egiten duenean. Konplizitate hori da garrantzitsuena. Beraiek probatu zituzten profesionalak, eta harrobi antzeko bat egin zuten. Baina haien kodean sartzea ezinbestekoa da, eta gertukotasun hori bilatzen zuten.
Betidanik jarraitu dituztu Goldenak.
Bai, beti jarraitu ditut; batetik, nire osaba delako, eta, bestetik, asko gustatu izan zaizkitelako. Disko guztiak entzun ditut, buruz dakizkit denak. Bitxikeria gisa kontatuko dizut: Kikek erretiroa hartu zuenean elkarrizketa bat egin ziguten Diario Vasco-n. Kike hasi zen pasarteak kontatzen, eta aipatu zuen Poli Diaz boxeolariari kantatu ziotela. Orduan kazetariak galdetu zion ea zer abesti kantatu zioten, eta Kike oroitzen ez zenez, ni hasi nintzen kantatzen.
Nola da abesti bat sortzeko prozesua?
Abesti bat hartzen du Eduk, eta umore puntua nola eman ahal zaion aztertzen du. Testua aldatzen diogu gero, koreografiarekin jolasten dugu. Loyolak abesti osoa xehatzen du, lau ahotsetara moldatzen eta gitarraren notak bilatzen. Hiru hilabeteko estudioko lana izan daiteke abesti bat egitea. Eta askotan pasa izan zaigu abestia sortu, eta konturatu gero ez duela balio. Tiraderan geratzen da orduan. Haien tiraderak bete-beteak dauzkate. Bat irekitzen baduzu, proiektuz gainezka aurkituko duzu. 30 urtean ikuskizun honi eusteko proiektu asko behar izan dira.
Golden Apple Quarteten bigarren belaunaldia zara zu. Horrek esan nahi al du oraindik luzerako egongo dela laukotea?
Hori da ideia. Nik galdetu nuen: "Bai, baina noiz arte?". Nik lanean jarraitzen dut, eta lana taldearekin uztartzen dut, nahiz eta askotan zaila izan. Haien nahia da honek jarraitzea. Hurrengoa erretiroa hartzen Manu izango da; 63 urte ditu. Dagoeneko esaten ari da beste baten bat bilatzen hasi behar garela. Eduri eta Loyolari hamar urte geratzen zaizkie oraindik; denbora asko da. Les Luthiers taldeak orain utzi egin behar du, baina urte askoan sistema hori erabili dute. Horiek beste maila bat dute, ordezkapenak egiteko jendea zutelako. Gu lau gara, eta gaixo jarriz gero, sukarrarekin abestu izan dugu batzuetan.