Gure Esku Dago herri ekimeneko eta Loratu Elkarteko kideak: "Prozesu osoa izugarrizko inbertsioa izan da herriarentzat"

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 28a, 13:06
Datorren igandeko herri-galdeketari begira dira kideak; azken prestaketa lanetan jada

Lasarte-Oriatarrek bozka emateko 10 egun besterik ez dira geratzen. Egun handia izango da maiatzaren 7a gurean, Loratu elkarteak eta herriko Gure Esku Dago ekimenak antolatutako herri galdeketa egingo da aipatu egunean, Lasarte-Orian.

Lan talde ezberdinetan banatuta, prozesu guztia aurrera eraman ahal izateko lanak eginda, azken egunotako eginbeharretan murgildu da Loratu elkartea. Hautesontziak, gutun-azalak eta paperak prest, azkeneko lanak besterik ez dira gelditzen dagoeneko.

Gure Esku Dago herri ekimenak Lasarte-Orian izan duen bilakaeraz hitz egin eta datorren igandeko galdeketa egunaren nondik norakoak ezagutzeko, Loratu Elkarteko Mikel Arruti lehendakaria, Marijo Goizueta, ekonomia eta logistika lantaldeko kidea, Jose Carlos Carrasco, harremanetarako batzordeko kidea eta Eneko Sarasola Ekintzak lantaldeko kideak Txintxarrirekin izan dira.

Nola sortu zen Gure Esku Dago taldea Lasarte-Orian? 
GEDren hasierak Idiazabaletik ulertu behar dira. Bertan, herri elkarte batetik, nazio mailako elkarte baterako salto eman zen: Nazioen Mundua. 
Herritarrak bildu ziren helburu baten baitan: nazio guztiek duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, eta hor kokatzen zuten Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ere.
Proiektu horren zabalkundearekin batera, aldaketa batzuk eman ziren eta 2014. urtean, giza katearen proiektuarekin batera sortu zen GED ekimena.
 Sortzearekin batera, herriz herri ekintza batzuk egin zituzten, eta horrela, 3-4 pertsonako taldetxo bat sortu genuen, eta 2014. urteko ekainean egin zen Giza Katearen ekintza antolatzen hasi ginen. 
Lehen ekintza hori eta gero, GEDren dinamikan bete-betean sartu ginen, taldea ere indartzen joan zen pixkanaka.
Bidean, pausu garrantzitsu bat eman genuen hemen, Lasarte-Orian. Aurreko urtean mobilizatu genuen jende guztia saretu genuen eta Tutore Sistema jarri genuen martxan. 1000 pertsona saretu genituen.

Zertan datza tutore sistema hori?
Erronka bat jarri genuen Lasarte-Orian; sortu genezakeela herrian tutoreek osatutako 50 pertsonako talde bat, horietako bakoitzak, bere inguruan 10-20 pertsonako taldetxo bat izango zuena. Gaur egun ere Lasarte-Oriako GEDren antolaketako bizkarrezurretako bat da tutore sistema. 

Iaz hasi zineten datorren igandean egingo den ekimena prestatzen?
"Bai. Iaz, nazio mailako ekintzak egon ez baziren ere, herri mailako ekintzak bultzatu ziren eta guk, aurtengo urteari begira, batzorde sustatzaile bat sortu genuen 2017. Urtean herri galdeketa egiteko". 

Nolako izan zen prozesu hori?
Herri galdeketa egiteko erabakia hartu genuenean, Loratu elkartea sortu behar izan genuen, prozesu hori legezkoa izan zedin eta juridikoki ere berme guztiak izan zitzan. Protokoloak, biztanleen %10aren sinadura eskatzen du berme bezala, herri galdeketa aurrera eraman ahal izateko, 1836 sinadura bildu genituen notario aurrean.

Zertan datza Batzorde Sustatzailea? 
2017. urteko herri galdeketa helburu, lau lantalde sortu ziren galdeketa egiteko antolaketa-beharrei aurre egiteko; Komunikazio taldea, ekintzen taldea, galdera adosteko eta harremanetarako taldea eta ekonomia eta logistika taldea.

Eta zein lanketa egin duzue talde horietan? 
Ekonomia eta logistika taldean, Hasiera batean, ekonomiari eutsi genion, hau da, zenbat diru behar genuen. Esan ziguten, biztanle bakoitzeko euro kalkulatu behar genuela, beraz erronka, 14.000 euro lortzea zen. Ordurako bagenituen 7.000 euro eta errifak salduta 12.000 euro lortu eta diru horrekin ari gara lanean.
Logistikari dagokionean, bozkalekuak aukeratzen hasi ginen lehenik. Horretarako, Lasarte-Oriako elkarte gastronomiko guztiei eskaera bideratu genien beraien lokala bozka leku gisa utziko liguketen jakiteko. Azkenean, maiatzaren 7an bozka emateko aukeratutako leku guztiak ez dira elkarte gastronomikoak, izan ere, herriko auzo bakoitzean bozka leku bat egotea nahi genuen, eta hori errespetatu asmoz, 6 bozkaleku finkatu ditugu.
Talde honetan ere galdeketan nola izan behar duen protokolo bat jarraitzen dugu. Horretarako, galdeketa aurrera eramateko talde ezberdinak sortu behar izan ditugu; berme batzordea, jarraipen batzordea eta begiraleak. Lehen taldeari dagokionean, legelari eta politologoek osatzen dute eta gure kasuan, legelari bat eta bi zinegotzi dauzkagu. Bigarren taldea, berriz, aurretiazko bozkaren arduraduna izatearekin batera, galdeketa eguneko mahaietako arduraduna ere bada eta gure kasuan, 8 pertsona dauzkagu bertan lanean. Azkeneko taldean, berriz, jardunbidearen gardentasuna eta garbitasuna egiaztatzen duen taldea da, eta hori ziurtatzeko, ANCko (Assemblea Nacional Catalana) bi kide etorriko dira, errenteriako galdeketan parte hartu duen pertsona bat eta Lasarte-Oriatik ere bi herritar arduratuko dira.
Dena oso legala da; gainerako hauteskundeetan jarraitzen dugun eredu berdina jarraitzen ari gara.
Ekintzen taldea da bigarren lantaldea, eta talde honetako lana batez ere funtzionala da. GEDk eta Protokoloak zehazten dituen ekintzak antolatzea da gure lana; batzorde sustatzailearen aurkezpena, galdeketa dataren aurkezpena eta galderaren aurkezpena, besteak beste.
Hirugarren batzorde gisa, komunikazio taldea dago eta honek, komunikazioari dagokion lan guztiaren ardura dute.
Laugarren eta azken batzordea, berriz, harremanetarako taldea da. Honek, bi helburu nagusi ditu lantalde honek; alde batetik galderarena eta bigarrena, harremanak sortu eta lantzea.
Galdeketa egunerako galdera sortze lanetan hasi ginenean, formakuntza txiki baten beharra genuela sentitzen genuen, eta horretarako, dokumentazioa biltzeaz gain, Unai Apaolaza filosofia irakaslearekin jarri ginen harremanetan. 
Prozesu horretan, ezberdinen arteko bilguneak lortzea ere bazen gure helburuetako bat, eta hori guztia lortu asmoz, Berriketan jardunaldia antolatu genuen. 
Jardunaldi hartan parte hartzeko, esparru ezberdinetako herritarrei luzatu genien gonbita elkartu eta politikaz hitz egiteko, baina batez ere erabakitzeko eskubideaz hitz egiteko.
Egun horretan, subjektu politikoa, erabakia, erabakitzeko eskubidea eta gisa horretako beste hainbat kontzeptu argitu zituen Apaolazak, eta bertan bildutakoen artean gero galdera osatzeko baliagarriak izan diren zenbait irizpide atera ziren. Jasotako irizpide horien arabera, hiru galdera proposamen egin genituen eta parte-hartzaileekin partekatuta, lautik hiruk maiatzaren zazpirako finkatutako galdera egitea erabaki zuten.
Lasarte-Oriaren kasuan, galdera bikoitza izango da… 
Bai. Lehenengo galdera oso garrantzitsua da, izan ere, erabakitzeko eskubidea diogunean, ez dugu independentzia ez subirautza bakarrik adierazten, baizik eta erabakitzeko eskubidea interes publikoko gaietan. Galdera honekin ere politikatik urrun dagoen jendea aktibatu nahi dugu. Bigarren galderan berriz, bildu nahi genituen kontzeptu guztiak azaltzen dira; euskal, estatu eta burujabe, hain zuzen. Independentzia hitza ordea ez da agertzen, izan ere, hitz horrek karga gehiegi duela uste genuen. Subirautza hitza irekiagoa geratzen da. Badirudi nahasmena dagoela ordea; politika eta partidismoa nahasten dira. Batzuk sentitzen dute futbol zelaia nahiko lokaztua dagoela, eta nahiago dute aparte mantentzea. Aurreiritzi dezente daude oraindik ere.

Nora joan ahal izango dute herritarrek maiatzaren 7an botoa ematera?
Auzo guztietan izango da bozka emateko aukera. Sasoeta auzoan, Andatza plaza 4an izango da bozka emateko lekua, ‘Azpeitia’ altzariak; Zumaburun, Erribera kalea 10 ‘Lasartearra’ elkartean; Zabaletan, Larrekoetxea bidea 13, Antonio Blas plazan dagoen Zabaleta auzo elkartean; Mitxelin inguruan, Ostadarrek Geltoki kalea 25ean duen lokalean; erdigunean ‘Arriskalleta’ elkartean; eta Orian, berriz, Zirkuito ibilbidea 15. Zenbakian  eman ahal izango dute lasarte-oriatarrek bozka.
Guretzako izugarrizko garrantzia izan du apaiz etxeko lokala utzi izanak, bestela ezinezkoa izango zatekeen. Oso eskertuak gaude Parroki Pastoral Kontseiluarekin eman diguten laguntzagatik.

Inolako baldintzarik bete behar al du bozka ematera joan nahi duenak?
Bozkatu nahi duen orok Lasarte-Orian erroldatuta dagoela bermatzen duen agiri ofizial bat aurkeztu beharko du.

Galdeketa egunean zer izango da garrantzitsuena?
Datuek izan dezaketen garrantzia alderatu gabe, garrantzitsua da  herrian egin den prozesua; esparru ezberdinetako zenbat jende bildu den bilera ezberdinetan, baita ezberdinen arteko zenbat kontaktu izan diren ere. Hori, herrigintzan, izugarrizko inbertsioa izan da Lasarte-Orian. Azken finean, bozketa ez da loteslea izango, baina bidean lortu den inbertsioa da benetan garrantzitsua. Izugarrizko lana eta indarra egin da, jende askok esfortzu handia egin du esparru ezberdinetako jendearekin lan egiteko.
Dena den, aitortu behar da ez dugula nahi genuen bezainbesteko aniztasuna lortu, baina hori lortze bidean esfortzua egin dugu. Ate batzuk itxi egin zaizkigu, baina hori lortzeko lanean jarraituko dugu. Bide hau ez da maiatzaren 7an amaitzen.

Eta egunean bozka ematera gerturatu ezin duenik bada, ba al du aurretiazko bozka emateko aukerarik?
Bai, noski. Horretarako, bihartik hasi eta maiatzaren 7ra bitarte, aurretiazko bozka emateko aukera izango dute herritarrek. Horrela, Kale Nagusia 16an dagoen apaiz etxeko lokalera gerturatu ahal izango dira lasarte-oriatarraku.

Eta maiatzaren 7ra begira jarrita, egunari ongi etorri emateko izango al da aurrez ekitaldirik?
Bai, datorren asteazkenerako hitzaldi bat antolatu dugu, Villa Mirentxun. Garbiñe Biurrun epailea eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago ekimeneko bozeramailea izango dira gonbidatu eta hizlariak. Hitzordua, iluntzeko 20:00etan izango da.

Eta egunean bertan, bozka emateaz gain, izango da egunean zehar ekitaldirik?
Bai, noski, egun osoko egitaraua prestatu dugu galdeketa egunerako. Okendo plazan karpa txiki bat ere egongo da eta ekintzak egongo dira bertan. Ez da txantxa bat egitera goazena, baina ospatzeko zerbait bezala ulertzen dugu. Herri honetan sekula egin gabeko zerbait da.

Zergatik joan behar dute lasarte-oriatarrek datorren igandean bozka ematera?
Alderdi politikoen, politika zahar eta berriaren joeran murgilduta gaude. Alderdi politikoek egiten dituzte beraien hauteskundeak, instituzioek, Lasarte-Oriako Udalak berak ere egiten ditu, Foru Aldundiak egiten ditu… eta gu ere bide beretik goaz. Herriaren zati batek eskatzen dugu, bide horretan indarra egitea.
Gainera aukera paregabea da molde batzuk apurtu eta denon artean, lasaitasun osoz, ezberdinen arteko parte-hartze prozesu libre batean parte hartzeko. Izan baiezko edo ezezko bozka, baina eman dezatela herritarrek euren botoa.