Michelin II: hotela, Lidl, gasolindegia eta Norauto

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 2a, 12:00

Lasarte-Oriako Udalak eta Plaincok akordioa egin dute; hiru izardun hotela, prezio baxuko gasolindegia, Lidl supermerkatua eta Norauto tailerra eraikiko dute Michelin II gunean. "Langabezian dauden 100 herritar kontratatuko dituzte", esan du Zaballosek

Donostialdea bisitatzera etortzen diren bisitariei eskaintza berria egin, eta bertakoei zabaltzeko asmoz, Michelin II gunea eraikitzeko lehen urratsa eman du Lasarte-Oriako Udalak. Asteazken eguerdian sinatu zuen Jesus Zaballos alkateak elkarlanerako hitzarmena proiektua aurrera eramango duen Plainca sustatzaile enpresarekin. Hiru izardun B&B kateko hotela, prezio baxuko gasolindegia, Lidl supermerkatua eta mekanikako Norauto etxeak osatuko dute gunea. Futbol zelaiaren ondoan eraikiko dute, herriaren aldirietan. 2019. urterako amaitua egotea espero dute. 

Proiektuak berebiziko garrantzia du Zaballosentzat: "Langabezian dauden ehun lasarteoriatar kontratatuko ditu Plaincok, eta gutxienez bost urtetarako lan kontratuak egingo dizkiete". 

Langileen kontratazioa

Herritarrak Lanbideren bidez eman behar dute lanpostu horietan aritzeko izena. Udalak ez du lan poltsa kudeatuko, eta, beraz, Zaballosek herritarrei dei egin die Lanbiden argitaratzen diren lan eskaintzei adi egoteko. 

Udalak adierazi duenez, enpresak ez baditu 100 herritarrentzat lanpostuak ziurtatzen, zigorra oradindu beharko du. Kasu honetan, 30.000 euro betetzen ez den postu bakoitzeko.

Plainco enpresa da Michelingo proiektu berriaren sustatzailea, eta bertako ordezkari Jose Rodriguezek azaldu duenez, bi urte eta erdiko aurre lanketa egin dute Lasarte-Oriako garapen industria zehazteko eta azken proiektua finkatzeko:  "Herritarren beharretara ondoen egokitzen den proiektu bat egin nahi genuenez, motela izan da prozesua".
Garapen industriara sarbidea eta ibilgailuen trafikoa errazteko, errotonda bat egingo dute  eraikinaren inguruan. Horrekin batera, irisgarritasuna bermatzeko, errepide bat gehituko dute Michelingo kirolgunearen eta komertzio gunearen artean.

Zonalde estrategikoa

Lasarte-Oriaren kokapen geografikoa erakargarria da Donostia eta ingurua ezagutzera etortzen direnentzat. Hori dela eta, multinazional ugarik hartu dituzte herriko eta inguruko lurrak, euren merkatal guneak ezartzeko. Urbil merkataritza gunea, Mercadona, Decathlon, Leroy Merlin (lanak hasteko daude oraindik), Mc Donald's, Lidl eta beste hainbatek inguratzen dute Lasarte-Oria.

Herriko dendek kezkaz ikusi dute azken urteetan multinazionalen hedapena. Izan ere, Urbil gunea ezarri zutenetik negozio askok itxi egin behar izan dute.