Merkatal-gune berrien hazkundea "kezkagarria" da EH Bildurentzat

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 12a, 16:00
Merkataritza-gune handi berriei moratoria bat aplikatzeko eta Donostia inguruko udalek inongo garapenik ez ahalbidetzeko eskatu du EH Bilduk. Bihar, martxoaren 13an egingo den udalbatzarrean aurkeztuko dute Lasarte-Oriako zinegotziek mozioa

Buruntzaldea eta Oarsoaldeko EH Bilduko alkate eta hautetsiek agerraldi bat egin dute. EHBilduk Gipuzkoan egun dagoen merkataritza-gune handien zabalkundearengatik bere kezka agertu eta  garapen iraunkor eta orekatua egin nahi duela jakitera eman du. Xabier Arregi Usurbilgo Alkateak eta Amaia Almirall Donostiako Zinegotziak Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Pasaia, Oiartzun, Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Usurbilgo hautetsien izenean irakurri dute adierazpena.

Agerraldian aipatu dutenez, Donostia inguruan, ekialdetik mendebaldera, merkataritza-gune handiek 180.000 metro koadro hartzen dituzte. “Kezkatuta gaude, izan ere, merkataritza-gune handiak sortzeko edo oraingoak zabaltzeko gaur egun mahai gainean dauden proiektu guztiak gauzatzen badira, beste 200.000 bat metro koadro izango ditugulako, datozen urteetan”

“Paradoxikoki, handitzeko joera hori ez dator bat mundu zabalean, eta guregandik gertu ere, nabarmentzen den ereduaren krisiarekin. Gaur egun, merkataritza-guneak ixten ari dira. Joera orokorra da, bestelako eredu batzuek, bereziki online merkataritzak, hartu duten indarrarengatik” azpimarratu dute.

Lurralde osoaren garapen iraunkorra bilatu eta herri eta auzo biziak izan nahian, “oreka ezinbestekoa da. Proiektu berrien presakako tramitazioek desestabilizazioa ekar dezakete”.  “Kaltetuak dendari txikiak izango dira, eta haiekin batera, gure herriak eta gu,” adierazi dute.

EH Bilduren ustez, inoiz baino beharrezkoagoa da sektorea erregulatzea eta hori dela eta, honako eskaintza egiten die gainerako indar politikoei, eta, bereziki, haien ardura instituzionalarengatik, PNV eta PSEri:  batetik egun Eusko Jaurlaritzan lantzen ari den Lurralde Arloko Plan berrian, merkataritza-gune handiei 2004an ezarritako mugak berreskuratzea, eta bestetik, moratoria bat aplikatzea. Halaber, plan hori onartu bitartean, Donostia inguruko udalek inongo garapenik ez ahalbidetzea.

“Horrela, indar politiko nagusien artean egoeraren diagnostikoa egin eta, erabaki okerrak hartu baino lehen, ahalik eta akordio politikorik zabalena egiteko aukera izango genuke,” adierazi dute. 

EH Bildu udaletan lantzen ari diren arau subsidiarioen berrikuspenetan edota plan orokor berriak aipatutako irizpideon arabera egiteko konpromisoa hartzen du eta PNV eta PSOek berdin egitea espero du alderdi abertzaleak. “Lokal hutsez beteriko kaleak eta plaza hutsak inork ez dituelako ikusi nahi; lotarako herrietan inork ez duelako bizi nahi”.

Udal batzarra 

Gaia Lasarte-Oriako Udalbatzarrean eztabaidatuko da, bihar martxoak 13an egingo den ohiko batzarrean.

Honetaz gain, hainbat arlotako diru-laguntza oinarriak izango dira mahai gainean: euskara saileko diru-laguntzak, San Pedro Jaietako diru-laguntzak, jarduera kulturalen programen diru-laguntzak eta eskola orduz kanpoko jarduera hezigarrien programen diru-laguntzak.