Ostiral eguerdian Askatasunaren parkean bildu da udal taldea. Arrosak eskuetan, Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza. Udalak prestatutako adierazpena irakurri du Zaballosek, eta duela aste batzuk argitaratutako 'Memoria partekatu baterantz' txostena ekarri du gogora. "Gure herriko bizitza normalizatzeko" helburuarekin egina dela azaldu du Zaballosek. Memoriak eraikitzeko "partekatua" izan behar duela ere azpimarratu du.
Lasarte-Oriatarrek, ordezkari politikoekin batera, "terrorismoaren eta bestelako bortxakeria politikoaren biktima" direnen aitortzan aurrera jarraitu behar dutela gaineratu du: "Ez zaie arretarik eman, eta ahaztu ere egin dituzte sarritan euskal erakundeek eta gizarteak. Iraganeko akatsak ahazten dituen gizarte batek berriro errepikatzeko arriskua du".
Lasarte-Oriako Udalak bi konpromiso hartu ditu memoriarako bidean: lehena, topaketarako eta eztabaidarako espazioak ugaritzea eta, bigarrena, kontaketa bat eraikitzea, "terrorismoaren eta bestelako bortxakeria politikoaren biktima" guztiak errespetatuko dituena.
Idatzia irakurri eta gero, arrosa zurien eskaintza egin, eta bost minutuko isilunea egin dute, biktimekiko errespetua adierazteko.
PP ez da ekitaldian izan
Alejandro Saenz PP alderdiko ordezkaria ez da eguerdiko ekitaldian izan. TXINTXARRI-ri azaldu dioenez, Getxon egin den ekitaldian egon da. "Bertan terrorismoaren biktimak soilik izan dituzte gogoan. Memoriaren eguna, helburu horrekin jaio zen".