2012an sortu zen Islada Ezkutatuak elkartea, "isildutako historiari bidea egiteko" asmoarekin. Urrats handiak eman dituzte ordutik. 70 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte, eta 1936ko estatu kolpearen ostean Txaldatxur mendatean gertatutakoa argitzen egindako lana aski azpimarragarria da.
Taldeko kide Joxe Agustin Muguruzak nabarmendu du "pozik" daudela orain arte egindako ibilbidearekin. "Lur eremuetan egindako aurkikuntzak, esaterako, garrantzitsuak izan direlako. 140 metro lubaki baino gehiago garbitu ditugu, eta laster izango ditugu prest herritarrek ikus ditzaten".
Lasarte-Oriako udaletxeko sarreran ipinitako erakusketaren balioa nabarmendu du, bestalde. Udalarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, martxotik ikusgai daude Txaldatxurren topatutako material ugari.
"Oso gauza garrantzitsuak topatu ditugu, eta horiek herritarrentzat ikusgai jartzeak balio handia du. Seguru aski Estatuan oso leku gutxitan egongo da halako erakusketarik", dio Muguruzak.
Dena den, azpimarratu du kontuan hartu behar dela oraindik ere "justiziaren bidean asko dagoela lortzeko".
Txaldatxur, ezkutuan
Lan ildo anitzak izan ditu hasieratik Islada Ezkutatuak taldeak. Dokumentazioa biltzea izan da horietako bat, esaterako. Txaldatxurreko gertakariak argitze bidean, zenbait oztopo aurkitu zituzten bidean. "Artxibo historikoei erreparatuz gero, badirudi Txaldatxurren ez zela ezer gertatu".
Nafarroatik Oriako bailara hartu zuen batailoi kolpistak, Cayuela zutabeak, Belkoaingo eta Buruntzako gainak gainditu ostean, Donostia zuten helburu. Batzuek Hernaniko bidea hartu zuten, eta besteak Lasarte-Oriatik eta Andatzako frontetik iritsi ziren kostaldera.
"Erasotzaileek interes txikia zuten toponimian, eta operazio egunkarietan hala moduz jasotzen zituzten gure mendien izenak". Hala, Txaldatxurren gertatutakoa Estenagan pasa balitz bezala jaso zuten. Frontea Andatzatik Igeldorakoa zela kontuan hartuta, Islada Ezkutatuak taldeko kidearen ustez, "ez zuen inongo zentzurik barnealdera kilometro eta erdira dagoen Estenagako gaina inbaditu izanak". Ondorioz, "atzetik etorri diren historialari gehienek izen hori erabili dute".
Taldeko kideek bazuten susmoa Txaldatxur zela dokumentu historikoetako Estenaga hura. Hala agintzen baitzuen logikak, eta zenbait herritarren testigantzek susmoa berretsi zuten. Gerora Islada Ezkutatuak elkarteak aurkitutako lubaki eta gorpuzkiak tarteko, Jaurlaritzarekin jarri dira harremanetan, eta "esfortzu handia egin ostean", aitortu dute akatsa.
Halaber, aitortu dute mendian aurkitu dituzten gorpuzkiak identifikatzeko zailtasun handiak dituztela: "Kontuan hartu behar da garai hartan denetarik ibili zela inguruan: anarkistak, sozialistak, nazionalistak, errepublikarren tropak...". Aranzadi Elkartea ere lanean aritu da Txaldatxurreko gorpuzkiekin, baina ez dute ondorio garbirik atera oraindik.
Gainera, "nahaste" handia egon da dokumentazio historikoari dagokionez. Muguruzak aipatutakoaren arabera, artxibo batzuk Salamancan egon dira, eta besteak beste zenbait tokitan sakabanatuta. Jaurlaritza prestatzen ari den biltokiarekin "itxaropentsu" dira taldekideak. Bertan, Txaldatxurren egon zen jendearen zerrendak ateratzea espero dugu. "Adibidez, badakigu Koldo Mitxelena hemen egon zela, hark hala idatzi zuelako. Baditugu beste zenbait susmo, baina ezin ditugu guztiz baieztatu oraindik".
Testigantzen indarra
70 herritar baino gehiagorekin bildu dira taldekideak orain arte. Gertakariak lehenengo pertsonan bizi zituztenekin batetik, eta haien senitartekoekin bestetik. Askorekin "ezustekoa" hartu dute. "Ez genuen uste Lasarte-Orian hainbeste jende genuenik testigantza emateko moduan".
Aldi berean, arakatutako beste puntu garrantzitsu bat emakumeen rolari dagokio. Muguruzak dionez, "oso gutxitan" jorratu da garai hartako emakumeek jokatu zuten rola eta egin zuten lana.
"Aita-semeak kartzelan egonik, familia eta ekonomia aurrera atera zuten emakume askok, eta egindako lan hori ez da oraindik behar bezala aitortu".
Narratiba aldatzearen beharra
Urteen poderioz, eta irabazleek ezarritako kontakizuna gailentzearen ondorioz, "narratiba ofizialari buelta emateko beharra" dagoela sumatu du Islada Ezkutatuak taldeak.
"Kolpistek erabilitako hitzak, tamalez, oso errotuta daude gizartean oraindik", adierazi du Muguruzak.
Horietako bat, 1936ko gertakariei buruz hitz egitean gerra terminoa erabiltzea. Muguruzaren ustez, estatu kolpea erabiltzea "zuzenagoa" da gertatukoa kontuan hartuta.
"Demokratikoki hautatutako gobernu bati egindako kolpe militarra izan zen, estrategikoki zuzendua eta ongi planifikatua".
Hildakoei buruz aritzean, halaber, Muguruzak uste du "biktima" hitzak errealitatea behar bezala isladatzen ez duela. "Konfrontazio armatuen ondoren hildakoak biktimatzat har genitzake, eta horiek bi aldetan egon ziren, bai. Baina euren ideologiagatik soilik afusilatuak ziren herritar errugabe horiek ajustiziatuak izan ziren. Hau da, esan bezala, planifikazio eta estrategia baten ondorio dira: etsaia ezabatzea. Eta hori batzuek bakarrik egin zuten".
Alde horretatik, urratsak eman direla uste dute, gero eta gehiago entzuten baitira "errealitatea isladatzen duten terminoak". Dena den, aitortzen dute prozesua "ez dela sinplea" eta narratiba hori aldatzeko interes handirik ez duen sektorak badirela. Izan ere, "guda testuinguruan zenbait gauza justifika daitezke, baina estatu kolpeak beti dira legez kanpokoak. Eta 1936koa hala definituz gero, haren ondotik etorritako guztiak zalantza piztuko du zilegitasun demokratikoaren ikuspuntutik, 1978ko erregimena barne".
Muguruzaren ustez, funtsezko desberdintasuna dago kolpisten eta errepublikarren artean. "Lehenek errepresioaren pausu guztiak, potentzia europar faxisten laguntzarekin, planifikatu zituzten. Bigarrenak, berriz, ahal izan zuten bezala defendatu ziren, estatu demokratiko batek bere eskura dituen tresnekin".
Erronkak
Bost urte hauetan taldeak emandako urratsak garrantzitsuak izan direla ezin daiteke ukatu. Hala ere, egindako lanean sakontzeko gogotsu daude oraindik.
Erronka interesgarria azaldu du Joxea Muguruzak: "Gustatuko litzaiguke inguruan fusilatutako herritarrak topatzea eta hobietatik ateratzea. Justizia kontua da".
Bestalde Txaldatxurren egindako lanari amaiera emateko asmoa dute. "Lubakiak txukun utziko ditugu, eta herritarrek ikusteko interesgarriak izango direla uste dugu".
Ondoren, Leteungo gainean hasiko dira lanean, Andatzako frontean bertan. Zirt edo zart egiteko unea iritsiko da harekin amaitu ostean. Muguruzak aipatzen duenez, "ibaiaren beste aldera pasa edo ez erabaki" beharko dute. Hori eginez gero, zenbait gune dauzkate arakatzeko: Agerreburu, Santa Barbara, Monte Torcido, Martinika, Buruntza... Bestalde, Oria gurutzatzen ez badute Andatza, Zarate eta beste hainbat ikertuko lituzkete.
Lan boluntarioak bultzatutako taldea izanik, dauzkaten mugen jabe dira. Erakundeen babesaren beharra ere nabaremendu dute. "Lasarte-Oriako udal gobernu ezberdinekin izan dugun harremana eta jasotako laguntza txalogarria da", adierazi du Muguruzak.
Egia eta justizia. Horiek dira Islada Ezkutatuak taldea indartzen duten bi balioak. Herrian eta herritarrekin lanean bost urte dituzte. Zezena adarretatik eutsi eta humiltasunez jarraituko dute lanean etorkizunean ere. Beti ere, aipatutako bi balio horiek ardatz izanik.