Martxoaren 8ko kartelen lehiaketa martxan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 14a, 12:00
Lasarte-Oriako Udalak martxoaren 8, Emakumeen Nazioarteko eguneko kartel lehiaketako oinarriak argitaratu ditu. Gazteei zuzendutako lehiaketa da eta otsailaren 19tik martxoaren 2ra aurkeztu ahalko dira lanak

Emakumeen Nazioarteko eguneko kartel lehiaketan 12 eta 17 urte bitarteko gazteek parte hartuko dute. Gazteek nahi adina proposamen aurkeztu ahalko dituzte, beti ere, jatorrizkoak eta beste lehiaketetan saritu gabeak badira. Kartela lantzeko teknika erabat librea eta “Martxoak 8 de Marzo. Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres” goiburua izango du. Kartel guztia edo haren zati bat osatzen duten irudien jabetza egilearena ez bada, ezin da kartela aurkeztu.

Proposamenak otsailaren 19tik martxoaren 2ra aurkeztuko dira. Lanak formatu digitalean nahiz fisikoan aurkeztu ahal dira. Izenburu batekin identifikatuko dira, ez egilearen izenarekin.

Kartela formatu digitalean aurkeztu nahi dutenek, emakumezentroa@gmail.com helbidera bidali behar dute. Lanak jpg formatuan aurkeztu behar dira, 50x70 cm-takoa eta 300 pixel hazbeteko izan behar du. Artxiboaren izena izenburutzat hartuko da. Mezuari atxikita testuzko dokumentu bat bidaliko da, egilearen datu pertsonalekin eta harremanetarako datuekin.

Formatu fisikoan aurkeztuz gero, kartela Emakumeen Zentroan entregatu behar da, astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:30era. Ostiraletan goizez soilik aurkeztu daitezke.  Kartelaren tamaina 50x70 cm-takoa izan behar du. Atzealdean izenburua idatzi behar da. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat ere aurkeztuko da, bertan egilearen datu pertsonalak eta harremanetarako datuak agertuko dira.

Kartel guztiak www.lasarteoriasarean.eus webgunean izango dira ikusgai. Era berean, Emakumeen Zentroan erakutsiko dira martxoaren 5etik 8ra. Bertan lanak bozkatu ahal izango dira. Herritarren iritzia kontuan izango da kartel irabazlea hautatzerakoan.

Aurkezten diren kartelen artean hiru aukeratuko dira. Irabazlea Lasarte-Oriako berdintasun teknikariek eta gizarte zerbitzuetako langileek aukeratuko dute. Erabakia apelaezina izango da. Sariei dagokionez, irabazleak 150 euro jasoko ditu, bigarrenak 120 euro eta hirugarrenak aldiz 90 euro.

Kartel irabazlearen egileak lana erreproduzitzeko eskubide guztiak emango dizkio udalari. Era berean, udalak aldaketak egiteko eskubidea izango du, beti ere, lanaren esentzia errespetatuz. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarriak onartzea dakar.