Mari Domingik eta Olentzerok laguntzaileak behar dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 15a, 10:00
Galtza gorritxoek eta baserriko animaliek lagunduko dituzte bi pertsonaiak Lasarte-Oriako desfilean

Abenduaren 24ean lan nekeza izango dute Olentzerok eta Mari Domingik, Euskal Herri osoan opariak banatu behar baitituzte. Baina Lasarte-Orian behintzat laguntza izango dute: galtza gorritxoek eta baserriko animalitxoek lagunduko dituzte. HH5-LH2 arteko haurrek desfilean parte hartzeko aukera izango dute; horretarako izena eman beharko dute Ttakun Kultur Elkartean.

Horrez gain, Gabonak prestatzeko beste hainbat ekintza antolatu dituzte; Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera prestatzeko tailerrak egingo dituzte abenduaren 17an (17:30-19:00) eta 18an (18:00-19:30). HH2-LH2 arteko gaztetxoentzat izango da. 

Gabonetako oporralditxoa aprobetxatu dezakete txikitxoenek, jaki tipikoak prestatzen: taloak. Talo tailerra egingo dute abenduaren 19an, bi txandetan. Lehenengoa 17:00etan izango da, eta, bigarrena, 18:00etan, Ttakunenean.