Maiatzaren 7a gero eta gertuago

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 22a, 20:32
Gero eta gutxiago falta da maiatzaren 7ko herri galdeketarako. Antolatzaileak, Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok, azken txanpari ekin dio gaur. Goizean, herrian barrena ibili dira datorren hilabeteko lehenengo igandeko egun handian parte hartzearen garrantzia gogoratuz. Arratsaldean, bapo bazkaldu eta gero, herriko elkarte gastronomikoetan mus txapelketa jokatu da.

Bi aste besterik ez da falta herri galdeketen olatua Lasarte-Oriako itsasertzera iristeko. Maiatzaren 7a egun handia izango da, eta galdeketaren antolatzaile Gure Esku Dago Lasarte-Oriak azken kanpainari ekin dio, herritarrak parte hartzera deituz eta egun horretan egin beharrekoaren berri emanez.

Goizeko hamaiketan hasita, hainbat kide herrian barrena ibili dira, galdeketaren eguna iragartzen zuen pankarta eta guzti, herritarrei gogorarazten maiatzaren 7an herri galdeketa egingo dela. Ondoren, komunikatu txiki bat irakurri dute Askatasunaren plazan.

Arrieskalleta elkartean bapo bazkaldu dute gero hainbat herritarrek, eta arratsaldeko mus txapelketan parte hartu. Zortzi bikote sailkatu dira maiatzaren 7an bertan jokatuko den fase erabakigarrirako. Finalerdietan ariko dira aurrena, eta finalean gero. Lau aurreneko bikoteentzat sari ederrak dauzkate prest antolatzaileek.

Informazio praktikoa

Botopaperak etxean jasoko dituzte herritarrek datozen egunetan. Hauxe da maiatzaren 7ko herri galdeketan botoa eman ahal izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa: NANa, EHNA eta errolda agiria, gidabaimena eta errolda agiria, pasaportea eta jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria (atzerritarren kasuan), edo bizileku txartela (Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako hiritarrek). Errolda agiria aurrez udaletxean eskatu beharko da.

Botolekuak honakoak izango dira: Andatza plaza 4 (Muebles Azpeitia), Geltoki kalea 25 (Ostadar), Erribera kalea 10 (Lasartearra elkartea), Nagusia kalea 10 (Arrieskalleta elkartea), Larrekoetxe bidea 13 (Zabaleta auzo elkartea) eta Zirkuito ibilibidea 13 (DendaBerri).

Maiatzaren 7an bozkatu ezingo dutenek Kale Nagusia 16an (apaiz etxean) aurretiazko botoa eman ahal izango dute apirilaren 29tik aurrera eta botolekura hurbiltzeko eragozpenik izanez gero, 634 523 507 telefono zenbakia jarri da herritarren eskura.