Maiatzaren 1ean LABek eskualdeko manifestazioa deitu du Hernanin

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 24a, 12:18
Ostegunean Buruntzaldeako ordezkari batzarra izan zuten LABeko kideek eta bertan eskualdeko enpresetako langile ordezkariak bildu ziren. Gai desberdinen artean, ekintza sindikala, eskualdearen egoera, lan osasunaz mintzatu ziren. Maiatzaren lehenaren inguruan ere hitz egin zen eta Hernanin 12:00etan Gudarien plazatik egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten ostean egindako agerraldian. Manifestazioaren amaieran Tilosetan ekitaldia egingo du sindikatuak.

LABeko ordezkarien esanetan, “maiatzaren lehena ez da ospakizun egun bat, ez dugu ezer ospatzeko. Baina badugu zertaz harro egon. Harro gaude langileak garelako. Gu gara Euskal Herria aurrera ateratzen dugunak. Gobernuek ordea langileria mespretxatzea, inolako mugarik gabe zapaltzea erabaki dute, gutxi batzuen mesedetan herria pobretuz. Hartu ahal zuten biderik ankerrena hartu dute. Herri honek etorkizuna izatea nahi badugu ez da posible langileoi eskaintzen zaigun bakarra pobrezia, prekarietatea eta bazterketa soziala izatea”.

Gaineratu zuten, “hauteskundeak gerturatzen ari diren heinean hamaika lanpostu suntsitu dituzten agintari politikoen ahotik enpleguaren sorrera eta defentsa entzuten dugu. Orain arte ordea langileok bakar bakarrik aritu gara lanpostuak defendatzen. Politikoek horiek onartzen zituzten erreformen aurka borrokan, zerbitzu publikoen kalitatea ziurtatzeko borrokan”.

Maiatzaren Lehen honek badu berezitasuna LAB-entzat izan ere, 40 urte bete berri ditu sindikatuak. “Harro gaude lau hamarkada hauetan LABek Euskal Herrian egin duen borrokagatik. Hala erakusten dute hauteskunde sindikalen epe trinkoa igaro ondoren datuek, gu izan baikara igo garen sindikatu bakarra Euskal Herri osoan”.

Maiatzaren 1ean, mobilizazioak Euskal Herri osoko eskualde desberdinetan egingo dituzte. Gurean, langile guztiei dei egin zieten egun horretan Hernanira hurbil daitezen, 12:00etan Gudarien enparantzatik abiatuko den manifestaziora.

Sindikalgintza eraberritzeko asmoz hasi dute eredu berriaren inguruko eztabaida, orain hasi eta hurrengo Kongresuan itxiko den eztabaida, azaldu zutenez.