Mahaiaren bueltan amaitu du denboraldia LOKEk

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 17a, 20:24
Berrehun bat pertsona elkartu dira gaur Zubietako Irigoien jatetxean, bazkari legea egin eta aurtengo denboraldia bukatzeko. LOKE elkarteko kirolariak, entrenatzaileak eta gurasoak eseri dira mahaiaren bueltan

Bapo bazkalduz esan dio agur aurtengo denboraldiari LOKE kirol elkarteak. Kirolari, entrenatzaile eta guraso, ehun bat pertsona elkartu dira Zubietako Irigoien jatetxean. Sabela bete ostean, elkarteko sail bakoitzeko arduradunek sariak banatu dituzte. Xabier Gonzalez tenis irakasle zenaren alabak, Andrea Gonzalezek, oroigarri bat ere jaso du. Hunkigarria izan da momentua. Ander Aristi bikotearekin batera jaso du aitortza xume baina beroa. Hori baino lehen, esan bezala, indarrak berritu dituzte denek: frijituak, oilasko errea patatekin eta entsaladarekin, eta, digestioa azkarrago egiteko, izozkia.

Tenisean, Paula Alonso gazteak jaso du saria. Mariasun Yurrita entrenatzaileak eman dio. "Oso pozik nago jokalari guztiek erakutsitako mailarekin". Gimnastika erritmikoko arduradunetako batek, Amaia Calvok, nabarmendu du "emaitza oso onak" lortu dituztela gimnastek aurten, indibidualki eta kolektiboki. Dena dela, erabaki dute saria eskolarteko infantil mailako taldeari ematea. "Ezin izan dute erakutsi daukaten maila, baina etorkizun handiko gimnastak direnez, saria eurei ematea erabaki dugu". Judo alorreko entrenatzaile eta arduradun Gorka Aristegik hainbat sari banatu ditu judoken artean: Asier Sagasti, Josu Olmos, Lucas Morales, Aritz Urdangarin, Fermin Balda eta Aimi Campos deitu ditu. Nabarmentzekoa da Camposen kasua: aurten hasi da judo egiten, eta dagoeneko domina eta txapelketa batzuk irabazi ditu. 

Denboraldi amaierako erakustaldiak

Gimnastika erritmiko saileko kideek hiru orduko erakustaldi ederra eskaini zuten atzo arratsaldean, Maialen Chourraut kiroldegian. Urtean zehar ikasitakoa erakutsi zuten guraso eta lagunen aurrean. Harmailak lepo bete ziren. Larunbat honetan judoken txanda izango da: kiroldegian egingo dute erakustaldia, 10:30etik aurrera. Kirolarien emanaldia ikustera animatzen ditu herritarrak Gorka Aristegi entrenatzaileak.

Argazki galeria