Literatur Lehiaketako sariak, bihar

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 20a, 11:30
Lasarte-Oriako Literatur Lehiaketak baditu irabazleak, eta bihar sarituko dituzte Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Helduen 29. edizioa izan da 2015ekoa, eta haur eta gazteena, aldiz, 28.a. Euskarazko eta gaztelaniazko piezak aurkeztu dituzte, eta gaztetxoen kategorian lan kopuruak gora egin du. Aurten ere herriko, inguruko eta leku askotako idazlanen artean aukeratu behar izan du epaimahaiak.

Irabazleak irailaren 21etik 24ra eman zituen ezagutzera lehiaketetako epaimahaiko kideek. Bihar, berriz, egindako lan onak aitorpen materiala izango du. Izan ere, eguerdiko 12:00tan Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan sari banaketa egingo dute.

Bi lehiaketa batean

Helduen lehiaketa eta haur eta gazteena antzekoak dira formatuari dagokionez, baina idazlan mota ezberdinak bidali behar dituzte batean eta bestean.

16 urtez gorakoek haien lanak mikrokontakizun eta poesia formatuetan aurkeztu zitzaketen. Bi kategoriatan banatu dituzte lehenak. 1985 eta 1999 artean jaiotakoek A multzoa osatu dute eta zaharragoek, B multzoa. Lasarteoriatar onenei ere saria eman zaie.

Ume eta gaztetxoak, aldiz, poesiak eta kontakizunak bidali dituzte lehiaketara. Adinaren arabera hiru taldetan banatu dituzte: 2006 urteaz geroztik jaiotakoak, 2003 eta 2005 artekoak eta 2000. urtetik 2002ra sortutakoak.

Idazle gazte gehiago

Haur eta gazteen lehiaketako albiste positiboa da aurkeztutako lan kopuruak nabarmen gora egin izana. 

Guztira, 2014ean baino 50 idazlan gehiago aurkeztu dituzte: euskarazko 24 eta gaztelaniazko 26. 

Itxaropentsua da txikienen kasua. Gaztetxoenen kategorian 81 ipuinek hartu dute parte euskarazko lehiaketan. Lehengo urtean soilik 28 izan ziren. Bestalde, B kategorian guztira 72 idazlan gutxiagok hartu dute parte. Hala ere, jendetsuena izaten jarraitu du: gaztelaniazkoak eta euskarazkoak batuta 344 lan.

Musika eskolaren laguntza

Larunbateko ekitaldean Lasarte-Oriako musika eskolako kideek ere parte hartuko dute. Euskarazko eta gaztelaniazko poesia irabazleak irakurriko dira gitarra klasikoaren laguntzaz. Ivan Moreno ikasleak joko du instrumentua eta Noemi Fernandezek irakurriko ditu idazlanak.

2014ra atzera begira

Lehengo urteko edizioari dagokionez, Mikele Mannionek eta Iñaki Goitiak irabazi zituzten euskarazko mikrokontakizun sariak, ‘Beste astelehen euritsu bat’ eta ‘Esperoan, beti esperoan’ lanei esker. Gaztelaniaz Federico Luis Leto eta Miguel Angel Escudero izan ziren garaile.

Euskarazko poesia saria zuri geratu zen, epaimahaiaren ustez ez baitzen garaile izatea merezi zuen lanik. Rafael Bravok irabazi zuen gaztelaniazko garaikurra.

Haur eta gazteen lehiaketarei dagokionez hauek izan ziren saridunak: Nikola Iraola, Maider Abete, Laura Perez, Ane Jimenez, Naroa Garcia, Nora Landaberea, Ximon Villalobos, Unax Otaegi, Xalba Otxandorena, Gorka Cuadrado, Julene Iraola, Nerea Martin, Nagore Lopez, Mikel Nieto, Maria Martin, Ohiane Izagirre, Jessica Fuentes, Nahia Rozas eta Maialen Letamendi.