Lierni Rekondo Gipuzkoako bertso paper lehiaketako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 28a, 18:26
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako Finala igandean jokatu zen Irunen. Lierni Rekondo lasarteoriatarra izan da txapelketa idatzizko edo bertso paperen alorreko txapelduna. Gaia honakoa zuen: 'Lurra, ilargia, Marte... Zein dira gizakiaren mugak?' eta berak hiru bertso hauek idatzi zituen "Etaren su-etenetik" doinuan.

1.Muga bat izan daiteke
inguratzen nauen gela,
emakumeen kontrako
indarkeria krudela,
lur garbitu berrietan
gelditu ohi den umela,
etxera goiz iristeko
jartzen zaigun erregela.
Ongia edo gaizkia
azkarra edo motela,
fisiko izan daiteke
psikologiko bestela...
Nik esango nuke mugak
erlatiboak direla.

2.Bakoitzak aukeratzen du
bizi nahi duen kondena
baina sarri ahazten zaigu
benetan gu geu garena.
Jakinean pizten dugu
txikitasunaren dema
buruak mugitzen baitu
barneko gezurren lema.
Lasai hausnartu ondoren
argi ikusten dut dena
eta ohartu naiz zein den
arazorik handiena
norbera dela aurrean
mugak jartzen dituena.

3.Aurrera begiratzeak
nahiz sortzen digun ikara
nahiz ta arazo bakoitzak
azkartzen digun taupada
traba guztiak kentzeko
garaia badugu jada
zaila suertatu daiteke,
zailegia beharbada...
Nahi dugun dena lortzeko
denok soberan gai gara
eta amets egiteko
aukerarik onena da;
apurtu ditzagun mugak
sentitzen dugun erara.

Bestalde, Asier Ibargurenek ere hartu zuen parte. Asier jaiotzez donostiarra da, baina duela lau bat urtetik dabil herriko Earra! bertso eskolan. Txapelketan parte hartzen zuen lehen aldia zen eta finalerako txartela eskuratzeaz gain finalean ere saio txukuna egin zuen.