Idoia Garzes eta Lide Arroyo irabazle euskarazko kategorietan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 17a, 20:13
Literatur lehiaketaren 32. edizioak lepo bete du hitzaldi aretoa. Giro ederrean banatu dituzte kategoria guztietako sariak

Lan literarioak osatzen dituzten hitzak daramatzaten paper zatien usaina. Eta diplomena. Argazki kameren hotsak eta flashak. Ikus-entzuleen arnasa, bihotz taupadak eta txaloak. Literatur lehiaketaren 32. edizioaren sari banaketa ekitaldiaren osagaietako batzuk dira. Protagonista nagusiak, dena den, idazleak izan dira. Euskarazko Mikrokontakizun eta Poesien epaimahaiak erabaki du Idoia Garzesi ematea mikrokontakizunaren saria. Lasarte-Oria saria, berriz, Lide Arroyo gazteak jaso du. Kanpoan dagoenez, ama atera da diplomaren bila. Herritarrak dira biak. Nire isla da eta Transfuga lanak aurkeztu dituzte, hurrenez hurren. Felipe Juaristik, Karlos Linazasorok eta Rufino Iraolak osatu dute epaimahaia. Poesia ataleko saria eman gabe uztea erabaki dute.

Gaztelaniako kategoriako poesia saria, ordea, banatu dute: Aitor Kaltzakorta idazle irundarrak irabazi du, Me gustan las furgonetas azules y el magma de tu boca (Furgoneta urdinak eta zure ahoko magma gustatzen zaizkit) lana aurkeztuta. Mikrokontakizun saria, berriz, Esther Alonso galiziarrak jaso du, Gene Infernum lanarekin. Bi kategoria horietako Lasarte-Oria sariak eman gabe utzi ditu Marian Benitezek, Mertxe Tranchek eta Albert Vazquezek osatutako epaimahaiak. Sariak Jesus Zaballos alkateak eta Maite Iglesias kultura batzordeburuak eman dituzte. Aitor Tejedorrek pare bat lan irabazleren lanak errezitatu ditu: euskaraz bat, eta gaztelaniaz bestea. Ivan Morenok jarri dio musika narrazioari.

428 lan guztira

Orain arte aipatutako idazleak helduak dira. Euskaraz zein gaztelaniaz, 115 lan aurkeztu dituzte guztira. Etxeko txikienek 313 ipuin idatzi eta aurkeztu dituzte lehiaketara, guztiak euskaraz. Beraz, gaztetxoen eta helduen obra literarioen batuketa eginda, 428 lan aurkeztu dituzte Literatur Lehiaketaren 32. edizioan.

Haurren kategorian 9 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu dute: A multzoan 2009. urtean jaiotakoen lanak bildu dituzte, 67 guztira; B multzoan (2006 eta 2008 artean jaiotakoak), 198; eta C multzoan, 42. Poesia atalean, sei lanen artean deliberatu du epaimahaiak.

Haurren kategoriako sarituak

     A multzoa (2009. urtean jaiotakoak): Leire Ormazabal (1go saria), Joana Egiguren (2. saria) eta Beñat Murillo (3. saria).

     B multzoa (2006 eta 2008 artean jaiotakoak): Añes Apaolaza, Iker Lizaso eta Goiatz Ayestaran. 

     C multzoa (2003 eta 2005 artean jaiotakoak): Isan Daniel Olivares, Nahia Zudaire eta Nora Mendibe.

     Poesia atala: Nahia Calle, Andrea Bravo eta Maren Urkizu.

Argazki galeria