'Lehen fruituak' ematen hasi da 2deo euskarazko ikus-entzunezko edukiak bultzatzeko laborategia

babestutako-edukia 2018ko mar. 23a, 13:30
2deo eukarazko ikus-entzunezko edukien laborategiaren "lehen fruituak" aurkeztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiarekin eta Luistxo Fernandez, CodeSyntax enpresakoa eta JarriON aplikazioaren garatzailearekin batera 2deo eukarazko ikus-entzunezko edukien laborategiaren "lehen fruituak" aurkeztu ditu. Abenduan aurkeztu zen proiektua, Etorkizuna Eraikiz foru programaren testuinguruan, eta aurki jarriko da martxan azpiegitura. Gaur gaurkoz ordea, hainbat egitasmo daude martxan, tartean JarriON aplikazioa eta Go!azen Transmediaproiektua.

2deo euskarazko ikus-entzunezko edukien laborategiaren abiapuntua azaldu du diputatu nagusiak: "Ikus-entzunezkoak dira gaur egungo gazteek gehien kontsumitzen dituzten produktuak eta, euskarak bere etorkizuna bermatzeko, tokia egin behar du esparru horretan".

UPV/EHUk Aldundiarentzat eginiko ikerketa baten arabera, gaztelania da nagusia Gipuzkoako gazteek kontsumitzen dituzten euskarazko ikus-entzunezko edukietan, batik bat, egun dagoen aukera faltagatik da. Horregatiki, Olano pozik agertu da JarriON eta Go!azen Transmedia egitasmoek lortutakoarekin. "Euskara eremu berrietara eramaten du batek, eta gazteek euskara kontsumitzen dutela erakutsi digu besteak, betiere eduki interesgarri eta erakargarriak ematen badizkiegu", esan du. 

Diputatu nagusiaren ustetan, beharrezkoa da gazteek duten hutsune hori betetzeko ahalegina. "Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera areagotzeko". Aurreratu duenez, datozen hilabeteetan jarriko da martxan laborategia, Donostiako Tabakaleran kultura zentroan kokatua egongo dena.

JarriOn eta Go!azen Transmedia

Mugikorraren bitartez telebista kontrolatzen duen softwarea da JarriOn. Aplikazioa jada eskuragarri dago Android mugikorrentzako edota www.jarrion.eus webgunean. Euskarazko ikus-entzunezko eduki ezberdinak biltzen ditu, bai hedabide zein eragile eta norbanako ezberdinenak. Chromecast izeneko gailua behar da mugikorra eta telebista lotzeko. 

Luistxo Fernandezek azaldu duenez, telebistaren kontzeptua aldatzen ari da gaur egun: "Ikusteko ohituretan, gero eta gehiago saioak nahieran, nahi dugun unean, nahi ditugu". Testuinguru honetan, "JarriON euskarazko edukiak eskura ditugun bi pantaila inportanteenetan ikusteko tresna da, hainbat eduki nahieran mugikorrean eta telebistan ikusteko". 

Jakitera eman duenez, JarriON euskarazko lehen aplikazioa da Chromecast teknologiara egokitua.

Go!azen Transmediari dagokionez, EITBk Go!azen ETBko telesail arrakastatsua euskarri ezberdinetara eraman du istorioa elikatu eta horietan garatu diren pasarteak osagarri bihurtuz. 

"Go!azen Transmedia proiektuarekin aurrera pauso bat eman nahi izan dugu, bi helburu nagusirekin: bateko, euskararen presentzia sarean eta gaztetxoen artean igotzea, euren espazioetara hurbilduz eta euren hizkuntza erabiliz, eta, besteko, Go!azen eta bere unibertsoa zabaldu eta indartu", azaldu du Maite Iturbek. 

Horretarako, aurtengo denboraldian sare sozialak erabili eta mugikorrerako aplikazio bat plazaratu da, arrakasta handia izan duena. Zehazki, App-k 25.000 erabiltzaile aktibo izatea lortu du. Olanoren arabera, zenbakiek argi uzten dute gazteen aldetik badagoela euskarazko produktuekiko interesa. 

Hurrengo denboraldiari begira aplikazioa hobetu, funtzionalitate berriak sartu eta bisualagoa eta dinamikoagoa egingo dutela aurreratu du EITBko arduradunak.