Egun osoan zehar boto-paperak pilatu eta aurreko egunetan emandakoekin batu eta gero, galdeketaren antolatzaileek kontaketa egiten pasa dute gaua. Sakonago aztertu baino lehen, bi zertzelada: 2.303 lasarteoriatarrek eman dute botoa, erroldaren (15.548, kontuan hartuta 16 urtetik gorakoek bozkatu zezaketela) ia %15ak. Bi galderei baietz erantzun diete hamar pertsonatik bederatzik. Lehenengoari, %98,6k; bigarrenari, berriz, %91,1ek.
'Erabakitzeko dagokizun eskubidea erabili nahi al duzu interes publikoko gaietarako?'. Horrela zioen aurreneko galderak. 2.270 pertsonak baietz erantzun dute (%98,6), zortzik ezetz (%0,3), zurian eman dira 22 boto (%1) eta hiru baliorik gabekoak izan dira.
Bigarrena, berriz, honakoa zen: 'Zure erantzuna baiezkoa bada, izan nahi al duzu estatu burujabe bateko herritarra?'. Berriro ere bi mila herritar baino gehiagok erantzun dute baietz: guztira, 2.209k (%91,1). Boto-paperean ezezkoa markatu dute 126 pertsonak (%5,5), zurian entregatu dute 66k (%2,8) eta hamazazpik ez dute baliorik izan (%0,6).
Botoak hauteslekuka
Azpiatal honetan ere galderen arabera banatuko ditugu zifrak eta ehunekoak.
Lehenengo galderaren erantzunak sei hauteslekuetan (bai/ez/zurian/baliogabeak):
- Ostadar SKTren egoitza: 520/2/5/0
- Zabaleta auzoa: 233/0/1/0
- Arrieskalleta: 786/2/9/0
- Sasoeta auzoa: 244/3/1/0
- Oria auzoa: 187/1/2/0
- Lasartearra elkartea: 300/0/4/3
Bigarren galderaren erantzunak sei hauteslekuetan (bai/ez/zurian/baliogabeak):
- Ostadar SKTren egoitza: 479/33/13/2
- Zabaleta auzoa: 225/5/4/0
- Arrieskalleta: 721/42/24/10
- Sasoeta auzoa: 217/21/7/3
- Oria auzoa: 177/7/4/2
- Lasartearra elkartea: 275/18/14/0
Kopuruak eskuetan, Arrieskalleta elkarteko hautestontzian sartu dituzte boto-paper gehien lasarteoriatarrek, boto-kopuru totalaren herena baino apurtxo bat gehiago. Zifretara eramanda: 797 boto-paper (%34,6). Ostadar SKTren egoitzara ere bostehundik gora lasarteoriatar gerturatu dira, botoa eman dutenen ia laurdena: 527 boto-paper (%24,8). Bestela esanda, bi egoitza hauetan jaso dituzte antolatzaileek botoen ia %60a.
Gainontzeko lau hauteslekuetako zifrak orekatuagoak dira. Zumaburun dagoen Lasartearra elkartera 307 pertsona joan dira bozkatzera. Ehunekotara ekarrita, boto-emaileen %13,3. Sasoeta eta Zabaleta auzoetako kutxetan ia 500 boto gehiago pilatu dira: 248 (%10,7) eta 234 (%10,1) , hurrenez hurren. Oriakoak izan dira datu apalenak, baina esanguratsuak hala ere: 190 lasarteoriatar (%8,2) gerturatu dira bertako 'Denda berrira' boto-paperak uztera.