Lasarte-Orian bertan kontsumitzeak saria du

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 5a, 11:30
Aterpea merkataritza elkarteak "Bezeroaren Hamabostaldia" egingo du urriaren 8tik 19ra bitartean. 98 establezimendutan erosten edo kontsumitzen dutenek 300, 100 eta 50 euroko erosketa-bonuak lortzeko aukera dute. Zozketa urriaren 19an egingo dute

Aterpea merkataritza elkarteak urriaren 8tik 19ra egingo du Bezeroen Hamabostaldia. Herriko dendari eta ostalariak udal ordezkariekin batera bildu dira ekimenaren berri emateko. Kanpaina Lasarte-Oriako merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan egingo da; guztira 98 establezimenduk parte hartuko dute. Horietan erosi edo kontsumitzen duten herritarrek 300, 100, eta 50 euroko erosketa-bonuak eskuratu ahalko dituzte.

Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak nabarmendu du Bezeroen Hamabostaldia urteko kanpaina garrantzitsuenetakoa  dela. Aterpearen Bizi eta erosi Lasarte-Orian kanpainaren barruko ekimena da, eta helburua herriko bezeroak fidelizatzea da. Era berean, sektorea dinamizatu nahi dute, herritarrek beste herri batzuetan, saltoki handietan edo Internet bidez ahalik eta gutxien eros dezaten. "Merkataritza lokalik gabe herriek bizitzarik ez dute", adierazi du Ormazabalek.

Modu horretan, Bezeroen Hamabostaldian beren erosketak edo kontsumoak herriko 98 establezimendutan egiten dituzten herritarrek zozketa batean parte hartzeko txartelak jasoko dituzte. 
Zozketa, Okendo plazan

Zozketan 1.300 euro banatuko dituzte erosketa-bonuen bidez.  "300 euroko hiru bonu, 100 euroko bi bonu eta 50 euroko lau bonu", azaldu du Ormazabalek. 

Zozketa ekitaldi publikoa izango da. Hitzordua: urriaren 19an, 20:30ean, Okendo plazan. Aterpeak herritarrak gonbidatu ditu Bezeroaren Hamabostaldian herriko komertzioetan kontsumitzera, eta zozketa egunean Okendo plazara hurbiltzera.

Horrez gain, hamabostaldi horretan parte hartuko duten merkatarien, ostalarien eta zerbitzu pertsonalen ahalegina eskertu du Aterpeako lehendakariak.

Kanpainak 4.275 euroko kostua du, eta Lasarte-Oriako Udalak 1.221 eurorekin finantzatuko du.

Udala eta Aterpea

Jesus Zaballos alkateak Aterpea zoriondu du urtero aurrera eramaten dituen jarduerengatik. Bide batez, nabarmendu du udalaren eta Aterpearen arteko hitzarmenari esker sortzen diren jarduerak erreferente direla Gipuzkoa osoan. Merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorea dinamizatzeko helburuarekin orain arte eginiko bidea txalotu du.