Lasarte-Oriako Udala herritarren partaidetzarako erakunde arteko espazioari atxikitzea aho batez onartua

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 10a, 14:51
Udal korporazioak apirileko ohiko udalbatzar saioa egin zuen iragan ostiral eguerdian.

Ostiral eguerdiko plenoko gai-ordenean hiru puntu jorratu zituen Udal korporaioak. 2017ko azaroaren 7an ospatutako batzarreko aktaren onarpena izan zen plenoko lehen gaia; aho batez izan zen onartua.

Lasarte-Oriako Udala herritarren partaidetzarako erakunde arteko espazioari atxikitzeko erabakiz jardun ziren jarraian, eta hau ere aho batez onartu zen alderdi guztien aldeko botoekin. 

Udalbatzarreko hirugarren puntuan, Gardentasunaren inguruan PP alderdiak aurkeztutako 55 mozioak bozkatu zituzten, eta PP alderdiaren boto bakarrarekin, aurkako 7rekin (PSE-EE), eta 6 abstentzioarekin (3 EH Bildu, 2 ADLOP eta 1 EAJ-PNV) baztertua geratu zen. Honen ostean, PSE-EE alderdiak emendakin bat aurkeztu zuen. Bertan, Lourdes Acevedo alderdiko bozeramaile eta zinegotziak irakurri zuen emendakina. Horrela, Lasarte-Oriako Udala, udaletxeei egindako gardentasun txostenean zehaztutako helburuak beteko dituela hitz eman zuen. Honekin batera, Lasarte-Oriako Udalak martxan jarri asmo duen WEB orri berriak udaleko gardentasun datuak herritarren esku jarriko dituela bermatuko dela eskatu zioten Jesus Zaballos alkateari. Hirugarrenik, gobernu taldeak datorren komisioan mozio honen kronograma aurkeztuko duela gehitu zuen Acevedok eta guzti hau Espainiako Nazioarteko Gardentasunari jakinaraziko zaiola. 

Jarraian, beraz, emendakin hau bozkatu zuen Udal Korporazioak eta aldeko 9 bozkekin (7 PSE-EE eta 2 ADLOP), aurkako boto batekin (PP) eta 4 abestentziorekin (3 EH Bildu eta 1 EAJ-PNV), onartua geratu zen.

Udalbatzarrari amaiera eman aurretik, galdera eta erreguen tartea zabaldu zen, baina ez zen inolako galdera ez erregurik egon.