Sozialisten egoitzako aurrealdean bi pintaketa egin dituzte, eta alderdiak “erasoa” salatu du. “Independentzia ta sozialismoa” eta “Txikito gose greban” pintaketak azaldu dira ostiral goizean. Gipuzkoako PSEk ohar batean azaldu duenez, Jesus Zaballos alkateak elkarbizitzarako mahaira deitu du astelehenerako. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak daude batzorde horretan.
Gipuzkoako PSEk “haserrea” adierazi du, “iraganeko egoera horiek” gaindituta zeudelakoan. “Batzuek jarraitzen dute pintaketak erabiltzen konponezina den min bat eragin zuen pertsona bat goraipatzeko”. Izan ere, alderdiaren ustetan, ETAko edozein presoren aldeko “argazkiek, pankartek eta keinuek zigorgabetasun espazio bat sortzen dute”. PSEk oharrean adierazi duenaren arabera, ekintza horiek “terrorismoari gorazarre” egiten diote.