Lasarte-Oriak elkartasuna adierazi die Kataluniako atxilotuei

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 18a, 11:30
Kataluniari babesa eta elkartasuna adierazteko Gure Esku dago dinamikak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean, Okendo plazan

Jordi Sanchez, ANC-ko presidentea, eta Jordi Cuixarten Omnium Culturaleko presidentea espetxeratzeko agindua eman zuen astelehen gauean Auzitegi Nazionalak. Erabaki horren aurrean, asko izan dira egoera salatu, eta elkartasuna eta babesa adierazi dietenak, baita lasarteoriatarrak ere. Atzo iluntzean, elkarretaratzea egin zuten Gure Esku Dago dinamikak deituta, Okendo plazan. Erabakitzeko eskubidea eta "Junts" zioten kartelak erakutsi zituzten  lasarteoriatarrek. 

"Jordi eta Jordi, behin ere ez zaizue gure babesa faltako. Ez gara nekatuko esateaz zuekin gaudela. Jaso ezazue besarkada bero bat", atxilotuei hitz horiek eskainiaz amaitu zuten agerraldia.