Lasarte-Oria, maiatzaren 6ko manifestazioaren bihotza

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 22a, 16:05
Sare Lasarte-Oriaren deiari erantzun diote gaur lasarteoriatar ugarik. Besteak beste, larriki gaixo dauden presoak etxeratzearen alde maiatzaren 6an Gasteizen egingo den manifestaziora joateko deia egin dute. Hamahiru herriren artean mosaiko bat ere egingo dute, Lasarte-Oria tarteko: bihotza izango da.

Lasarteoriatarrek bihotzetik altxa dituzte behatzak gaur, larriki gaixo dauden presoen alde, maiatzaren 6an Gasteizen osatuko den mosaikoaren argazkirako. Sare Lasarte-Oriak antolatu du ekitaldia. Besteak beste, datorren hilabeteko lehenengo larunbatean Gasteizen egingo den manifestaziora joateko deia luzatu dute kideek.

"Nahiz eta hamahiru diren, batez ere Oier Gomez daukagu buruan egunotan", nabarmendu dute. Sarek jakinarazi duenez, datorren astelehenean erabakiko du epaitegiak gasteiztarraren zigorra eteten duen ala ez, bere eritasuna espetxetik kanpo tratatu ahal izateko. Era berean, asteazkenean, hilak 26, Espainia eta Portugalen dituen euroaginduei buruzko erabakia jakingo da.

Larriki gaixo dauden Gomez eta beste hamabi euskal presoak etxeratzeko eskatzeko, Sarek manifestazioa antolatu du maiatzaren 6rako, Gasteizen. Lasarte-Oriako Sarek deia luzatzen die herritarrei bertara joateko. Era berean, jakinarazi dute hamahiru herriren artean mosaiko bat egingo dutela, 'Preso dauden gaixo larriak etxera' esaldiarekin eta beste hainbat elementurekin. Lasarte-Oria, adibidez, mosaikoaren bihotza izango da. Gaur atera dute argazkia, ekitaldian. 

Azken ostirala

Bide batez, Sare Lasarte-Oriak gogorarazten du datorren asteko ostiralean, hilak 28, ohi bezala, 'azken ostirala' egingo dutela Okendo plazan, 20:00etan. Horretara joateko deia luzatu dute, eta datu bat eman: "Euskal presoen %80 euren etxetik 400 kilometro baino gehiagora daude espetxeratuta".